Altsasuko gazteen auzia
Catalak errespetatu egiten du Altsasuko gazteei eskatutako espetxe-zigorra
Agentziak | Erredakzioa
Mikel Legarda EAJko diputatuak egindako galderari erantzunez, Altsasun gertatutakoa "larria" izan zela adierazi du Justizia ministroak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Rafael Catala Justizia ministroak errespetua adierazi du Fiskaltzak Altsasuko gazteei eskatzen dizkien 62,5, 50 eta 12,5 urteko espetxe-zigorren aurrean. Catalaren hitzetan, gertaera “larria” izan zen, eta “ez du distantziakidetasunik onartzen”.
Kongresuko osoko bilkuran, Mikel Legarda EAJko diputatuak Altsasuko gazteei eskatu zaizkien zigorren inguruko iritzia emateko eskatu dio Justizia ministroari.
Ministroak fiskaltzaren eta Auzitegi Nagusiaren lanaren aurrean “errespetu osoa” duela adierazi du, eta auzi horretan inplikatuta daudenek “defentsarako berme guztiak” izango dituztela azpimarratu du.
Beldurra eragiteko asmoz egiten diren delituak gaur egun terrorismo delitutzat jotzen direla gaineratu du.
Altsasuko gazteen auziarekin euskal gizartea “erabat aho zabalik” dagoela nabarmendu du Legardak. Gainera, 2012tik bildutako datuen arabera, Euskadin eta Nafarroan guardia zibilei egindako erasoak (131) Estatuan jaso direnak (13.500) baino askoz gutxiago direla azpimarratu du EAJko diputatuak.
Alderdi jeltzaleak Altsasuko auziaren aurrean izan duen jarrera txalotu egin du Catalak Legardari erantzun dionean, eta beste alderdi batzuek bezala “distantziakidetasuna” erabili ez izana goraipatu du.
Azkenik, “pertsonen eskubideak defendatzeko bizia arriskuan jartzen duten agenteak” goraipatu ditu Catalak, eta Altsasuko erasoa “larria” izan zela azpimarratu du.