Itxi

Kataluniako erreferenduma

Galdeketara dirurik ez dela bideratzen egiaztatu nahi du PPren Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hori gertatuko balitz, Espainiako Gobernuak Kataluniari kendu egingo lioke Likidezia Funts Autonomikotik jasotzen duen dirua.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

Kataluniako Gobernuak urriaren 1eko independentziari buruzko galdeketarako dirua jartzen duen ala ez egiaztatuko du astero Espainiako Gobernuak. Hori gertatuko balitz, Espainiako Gobernuak Kataluniari kendu egingo lioke Likidezia Funts Autonomikotik jasotzen duen dirua.

Ekonomia Gaietarako Espainiako Gobernuko Kontseiluak hartu du erabakia, eta hala jakinarazi du bileraren osteko prentsaurrekoan Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak.

Erabaki horren helburua Generalitateak urriaren 1ean egin nahi duen erreferendumerako diru sailik ez bideratzea da. Espainiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, galdeketa "legez kanpokoa da" eta haren Gobernuak diru publikoa "helburu onetarako erabiltzen dela bermatu behar du".

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Aurrekontu Legearen 40. xedapena baliogabetu zuen hilabete honen hasieran, aho batez, eta ebatzi zuen Konstituzioaren aurkakoa dela diru publikoa bideratzea erreferendum independentista egiteko. Debekuak debeku, erreferendumaren bultzatzaileek beren asmoarekin jarraitzen dutela deitoratu du Mendez de Vigok. Ez hori bakarrik, haren esanetan, "interes orokorraren aurkakoa" da eta "ziurgabetasun ekonomikoa" sortzen du.

Hori dela eta, badaezpadako neurri gisa, astero gastuen txostena bidaltzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuak Kataluniakoari.

Espainiako Ogasun Ministerioak izango du Kataluniak bidalitako informazioa egiaztatzeko ardura eta, diru publikoa galdeketarako bideratzen ari dela egiaztatuz gero, gaia eskumena duten aginpideen esku utziko du.

Halaber, informazioa bidaltzeari uko egiten badio, Gai Ekonomikoetarako Batzordean Likidezia Funts Autonomikoari buruz "aurreikusitakoa" aplikatuko dio Espainiako Gobernuak Kataluniari.

Albisteak (6)