Itxi

Bilera

Urkullu Rajoyrekin bildu da eta Gobernu programa helarazi dio

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Lehendakariaren gobernu programak Euskadiri emateko geratzen diren eskumenak ditu lehentasun.

Lehendakariak eta Espainiako presidenteak izandako bilera baten artxiboko irudia. EiTB

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea joan den astean bildu ziren Moncloan, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez. Topaketa horren inguruan datu gutxi eman dituzten arren, Urkulluk Gobernu programa helarazi zion Espainiako buruzagiari. Madrilen izandako bileran espetxe-politikaz hitz egin dute, eta Gernikako Estatutua betez Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa EAEren esku uzteko eskatu dio berriro Urkulluk.

Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, joan den martxoaren 14an bi agintarien artean irekitako elkarrizketa bideari jarraiki egin dute topaketa berria. Aurreko bilera hartan ETAren armagabetzearen berri eman zion lehendakariak Espainiako presidenteari. ETAk gizarte zibilaren esku utzi zuen prozesua, eta armagabetzea apirilaren 8an gauzatu zen, Baionan izandako ekitaldi batean.

Joan den astean egindako bileran, berriz, EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu akordioaren berri eman zion Urkulluk Rajoyri, eta legegintzaldi honetako programa helarazi zion.

Ostegunean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zen lehendakaria, eta berari ere gobernu-programan hartutako konpromisoak azaldu zizkion. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuan jasota dauden eskuduntzak EAEri eman behar dizkiola esan zion, eta, lehentasunen artean, espetxe-politika eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa aipatu zituen.

Hala, asteazken honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak topaketa horren inguruko xehetasun gehiago ematea espero da, Gobernu Bileraren ostean kazetarien aurrean egingo duen agerraldian. Espainiako Gobernuak eskatuta, inork gutxik izan du bi buruzagien arteko bileraren berri.

Espainiako Gobernuak ez du elkarrizketa horri buruzko azalpenik eman nahi izan, Rajoyren agenda ofizialetik kanpo egindako bilera izan dela argudiatuta.

Rajoyk eta Urkulluk ordu eta erdi iraun zuen beste bilera bat izan zuten martxoan, eta bilera hartan ETAren armagabetzearen berri eman zion lehendakariak Rajoyri.

Albisteak (2)