Itxi

PSOE

Eduardo Madinak Kongresuan duen eserlekua utzi du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Jardun politikoarekin inongo zerikusirik ez duen aro profesional berri bati ekiteko" utzi du kargua.

Madina, artxiboko argazki batean. EFE

Eduardo Madina PSOEko diputatuak Kongresuan duen eserlekua utzi du, "aro profesional berri bati ekiteko". Irailetik aurrera izango duen egiteko berri horrek "ez du jardun politiko edo instituzionalarekin inongo harremanik", zehaztu duenez.

Erabakia gaur jakinarazi dio Madinak berak Margarita Robles PSOEk Kongresuan duen bozeramaileari, eta PSOEk Kongresuan duen taldeak Twitterren kaleratu du haren gutuna:

 

 

Mezuan, "zorterik onena" opatu die Pedro Sanchezi eta PSOEri, "gure herriaren garapenean ezinbesteko den alderdiari". Bertan nabarmendu duenez, alderdiak behar duen guztian "laguntzeko prest" egongo da beti. Izan ere, Madinaren arabera, "sozialisten balioek eta printzipioek nireak izaten jarraituko dute, eta nire bizitza gidatzen jarraituko dute, beti egin duten moduan".

2014ko barne hauteskundeetan, Pedro Sanchez sozialisten egungo buruzagiarekin lehiatu zen bizkaitarra, eta Susana Diazen alde lerratu da 2017koetan. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zenean, Talde Sozialistako idazkari nagusi izan zen Madina.

PSOEri, eskerrak

Gaur zabaldutako oharrean, Madinak eskerrak eman dizkie alderdiari eta berarengan konfiantza izan zuten herritarrei, gizartearen zati bat ordezkatzea "ohorerik handiena" izan delako.

"Era berean, Talde Sozialistako kideekin hainbeste denboraz lan egiteak giza kalitate, talentu eta gaitasun erakustaldi nahikoa utzi dizkit, eta horiei esker dakit pribilegiatua naizela hain talde aparteko kide izan naizelako. Guztiei, eskerrik asko guztiagatik", idatzi du Madinak.