KATALUNIA
Konstituzionalak baliogabe utzi du Kataluniako Parlamentuko araudi aldaketa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea izapidetzea onartu du, eta horrek araudia automatikoki baliogabetzea dakar.
Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak bertan behera utzi du urriaren 1eko erreferenduma prozesu azkar baten bidez onartzeko xedearekin Kataluniako Parlamentuak egindako arau aldaketa.
Epaileak 45 minutuz egon dira bilduta, eta aho batez onartu dute aipatu aldaketan jasotzen den 135.2 artikuluaren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea izapidetzea. Erabaki horrek araudia automatikoki baliogabetzea dakar, auziaren nondik norakoak aztertzen dituzten bitartean. Bost hilabeteko epea dute hori egiteko.
Konstituzionalak Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea, Parlamentuko Mahaia osatzen duten gainerako sei kideak, Ganberako idazkari nagusia eta abokatu nagusia ohartarazi ditu. Espresuki debekatu die lege proposamen bat irakurketa bakarraren prozeduraz izapidetzea (inpugnatutako erreformak zioen bezala), eta agindua betetzen ez badute izan ditzaketen balizko erantzukizunen berri eman die, espetxe-zigorrak barne.
Auzitegiak, Gobernuak hala eskatuta, aipatutako guztiei jakinarazpen pertsonalak igorriko dizkiela adostu du, eta gogoratu die adostutako baliogabetzea kontuan hartuko ez duen edo ekidingo duen edozein ekimen oztopatzeko edo geldiarazteko duten betebeharra".
Forcadell: "Asmoak epaitzen ari dira"
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ezagutu ostean TV3 telebistan egindako adierazpenetan, Carme Forcadellek gogora ekarri du Espainiako Estatuko beste parlamentu batzuetan badela irakurketa bakarreko prozedura, eta aipatu auzitegiak hartutako deliberamendua kritikatu du: "Zertarako erabiliko dugun ari dira epaitzen, eta hori Zigor Zuzenbidean erabat antidemokratikoa da".
Forcadellen hitzetan, "irakurketa bakarrari buruzko Auzitegi Konstituzionalaren epaiak berak dio ez dagoela inongo oztoporik edozein lege, korapilatsuena izanik ere, irakurketa bakarraren prozeduraz izapidetzeko".
Horren arabera, Konstituzionaleko epaileek gaur hartutako erabakiak erakusten duena da "parlamentu guztiak ez direla berdin, herritar guztiak ez direla berdin, eta asmoak epaitzen ari direla".
Kataluniako PPren eta Ciudadanosen errekurtsoa
Halaber, Rajoyren Gobernuak ostiralean aurkeztutako helegiteari beste bat gaineratu behar zaio; izan ere, gaur goizean Kataluniako Alderdi Popularrak (PPC) eta Ciudadanos alderdiak beste bat aurkeztu dute, batera. Horien aburuz, aipatu araudiaren erreformaren bidez, erreferenduma defendatzen duten alderdiak "iruzur" egiten, jokoaren arauak aldatzen eta oposizioa "isilarazten" saiatzen ari dira.
PPCko Andrea Levy diputatuak eta Ciudadanoseko Lorena Roldanek aurkeztu dute errekurtso bateratu hori. Hala egingo zutela iragarri zuten joan zen astean, Kataluniako Parlamentuak, deskonexiorako legeen onarpena bermatze aldera, erreforma espres hori egitea onartu ostean.
"Oposizioa isilarazi nahi dute eta ez dute lortuko", adierazi du Andrea Levyk kazetarien aurrean, helegitea aurkeztu eta gero. Ciudadanoseko kideak ohartarazi duenez, "beharrezkoak diren errekurtso demokratiko guztiak" aurkeztuko dituzte, "independentistek euren legea ezar ez dezaten".
Lorena Roldan ere ildo horretatik mintzatu da. Horren esanetan, "oposizioa isilarazteko asmoa duen mozal erreforma bat" da, baina "oposizioak Junts Pel Sí eta CUP alderdiek lortu zituzten botoak baino gehiago ditu".
Levy eta Roldan batera sartu dira Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko.