Kataluniako erreferenduma
Iragankortasunerako legea U-1a baino lehen onartuko dute JxSik eta CUPek
agentziak | erredakzioa
Deskonexio lege nagusia da honakoa, erreferendumean baiezkoak irabazten badu, Estatutik banatzeko prozesua zelan egin behar den zehazten duena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errepublikaren Sortze eta Iragankortasun Juridikorako Legea, Iragankortasunerako legea moduan ezaguna dena, urriaren 1eko erreferenduma baino lehen onartua nahiko lukete Junts pel Sik eta CUPek. Bi alderdiok aurreikusita duten deskonexio lege nagusia da honakoa, erreferendumean baiezkoak irabazten badu, Espainiako Estatutik banatzeko prozesua zelan egin behar den zehazten duena.
Independentziaren aldeko bi alderdiotako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute Kataluniako Parlamentuan, legearen nondik norakoak azaltzeko. Iragankortasunerako legea Gobernu katalanaren eta alderdi independentisten deskonexio lege nagusia da, Kataluniako esparru juridiko berezia ezarriko baitu urriaren 1ean egingo duten galdeketan baiezkoa irabazten badu. Katalanek independentzia babesten badute, urriaren 2tik hauteskunde konstituziogile batzuk izan arte egongo litzateke indarrean.
Lluis Corominas Junts pel Si taldeko presidenteak azaldu duenez, "lege horren bidez segurtasun juridikoa eta gardentasuna eman nahi diogu prozesuari. 35 egun falta dira bozkatzeko, eta herritarrek nahikoa denboraz ezagutu ahalko dituzte euren botoaren ondorioak zeintzuk diren".
Legeak 89 artikulu eta hiru xedapen ditu; horietako bat legea bertan behera uzten duena da, hau da, erreferendumean ezezkoak irabaziko balu, ez litzateke indarrean sartuko.
Corominasen esanetan, lege honek izaera "loteslea" ematen dio erreferendumari eta "esparru juridiko argia" zehazten du baietza gailendu osteko epean. "Gardenak izan nahi dugu", azaldu du.
Lluis Corominas, mikrofonoen aurrean, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Legearen xehetasunak
Lege-proposamenaren arabera, prozesu subiranistan kondenatuak edo ikertuak izan direnak amnistiatuak izango lirateke; Generalitateko presidentea Estatuko burua izango litzateke, eta herritarrek herritartasun espainiarra izaten jarrai lezakete.
Gainera, legeak dio Armadak Kataluniatik alde egin beharko lukeela, 'Eskubideko Errepublika demokratiko eta soziala' sortuko litzatekeela, eta 'haren subiranotasun nazionala Kataluniako herritarrengan' egongo litzatekeela.
Kataluniar herritartasuna eskuratzeko betebeharrak ere zehaztuta daude; horrek ez luke ekarriko 'herritartasun espainiarrari uko egitea, ez eta beste edozein herritartasuni'. Kataluniako Gobernuak bultzatuko ditu, ahalik eta lasterren, Espainiako Gobernuarekin egin beharreko negoziazioak, xede izanik herritartasunaren gaineko hitzarmen bat lortzea.
Bestalde, aitortuko litzateke eskubidea prestazio sozial publikoak eskuratzeko, eta aitortuko lirateke, halaber, Gizarte Segurantzan izandako kotizazio-epeak; Generalitat izango litzateke zerga-aginte bakarra, eta desagertuko litzateke Katalunian Zerga Administrazioko Estatu Agentziak duen ahalmena; zorrari dagokionez, Estatuarekin egin beharreko balizko negoziazio-aroan eztabaidatuko litzateke.
Hizkuntza-eskubideetan, 'pertsona guztiek izango lukete eskubidea hizkuntzagatik baztertuak ez izateko, eta aukeratzeko katalana, gaztelania ala okzitaniera'.
Espainiako Armadak ez luke izango, aurrerantzean, eskumenik Katalunian, eta, hortaz, alde egin beharko luke; Generalitat aduana-agintea izaten hasiko litzateke. Ez da zehazten, aldiz, Katalunia independentean Armadarik legokeen ala ez; JxSik eta CUPek eztabaida konstituziogilerako utziko dute hori.
Garcia Albiol eta Arrimadas: 'Ez da indarrean sartuko'
Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPko presidenteak esan duenez, autonomia bertan behera uztea, Konstituzioaren 155. artikulua erabiliz, baliozko aukera da Katalunian, haren ustez, independentistak egiten ari diren 'estatu-kolpeari' amaiera emateko.
Uste duenez, aurkezpen hau egin dute 'independentistek larunbateko manifestazioan izandako portaera lotsagarria estaltzeko'; izan ere, uste du atentatuaren aurkako manifestazioa independentzia aldarrikatzeko eta Espainiarekiko eta erregearekiko euren gaitzespena erakusteko erabili zutela.
Garcia Albiolek esanetan, legea ez da indarrean sartuko, Gobernuak ez baitu baimenduko 'Katalunian demokrazia eta eskubide-estatua lotsatzea', eta Konstituzionalak, haren ustez, bertan behera utziko duelako.
Ildo horretan bertan, Ciudadanosek Katalunian duen lider Ines Arrimadasek ohartarazi du legea ez dela indarrean sartuko: 'Konstituzionalak bertan behera utziko du'.
Arrimadasen iritziz, 'hasi dira denak hauteskundeez hitz egiten'; aseguratu du gero eta argiagoak direla JxSiko kideen arteko desadostasunak, bai eta koalizio horren eta CUPen artekoak.