Kataluniako erreferenduma
Turull: 'Epeak gobernatzen ari gara urriaren 1ean bozkatzeko'
Agentziak | Erredakzioa
'Eta bozkatuko dugu', gehitu du Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza kontseilariak; Espainiako Gobernuak, bitartean, dena du prest kontu hartzeko.
Kataluniako Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza kontseilari Jordi Turullek hauxe esan du: 'Gu ari gara gobernatzen epeak, eta erreferendumaren gaineko iragarpenak, xede izanik bermatzea urriaren 1ean bozkatuko dela, eta bozkatuko dugu'.
Turullek, ostiral honetan, Euskadirako bisita bat hasi du, eta Josu Erkorekak hartu du, alegia, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publikoa eta Autogobernua sailburuak. Bilera egin dute biek.
Prentsaurrekoa eman dute Erkorekak eta Turullek Bilbon, eta Generalitateko bozeramaileari erreferendumaren gainean galdetu diote. Turullek berretsi du berarentzat 'ohorea' dela erreferendumaren legea sinatzea, 'ez arazo bat'.
'Nire iritzia da', gehitu du, 'bai eta Kataluniako gainerako 72 parlamentariena ere (Junts pel Si eta CUPekoak). Ez dago arazorik legea eta deialdi-dekretua sinatzeko. Zure bizitza politikoa kausi honen alde lanean eman baduzu, legea sinatzeko pribilegioa izatea ohorea da'.
Bozeramailea ez da beldur, sinadura horren ondorioei buruz: 'Mehatxu horien aurrean, are gehiago sendotzen duzu zure ustea, egingo dugunaz. Nire ondarea nire uste sendoak dira, eta nire alabei begietara begiratzen jarraitu nahi dut. Kataluniako Gobernua eta Junts pel Siko parlamentariak gauza bakar batek kezkatzen gaitu: Kataluniako herritarren gaitasun-gabetzea jasotzeak'.
'Tamalgarria da Estatu batek mehatxatzea hautestontzi batzuk jartzeagatik, baina, dena ikusi dugunez, harritu ere ez gaitu egiten. Saiatu gara hautestontziak erosten Andaluziako Gobernuak erabilitako prozedura bera erabiliz, eta kereila bat aurkeztu digute', nabarmendu du.
Hori dela eta, Turullek uste du legea 'desberdina dela kataluniarrentzat, nahiz eta esan diguten Estatuko bizilagun guztientzat berdina dela. Gogorarazi nahi dut erreferendum bat deitzeak zigorra izan zuela, gero zigorra kendu zen, eta hori dena, fiskaltzaren jarduketak, Auzitegi Konstituzionalarenak, zerbaitengatik kendu zen zigor hori'.
'Ikusi dugu nola dabiltzan Espainiako Gobernua eta Auzitegi Konstituzionala: koordinatzen dira, biltzen dira egun batean, ordu batean. Horregatik esan dut Saenz de Santamaria andrea, alegia, Gobernuko presidenteordea, Konstituzionalaren benetako presidentea dela; esaten du zein ordutan bilduko diren, eta nola bideratu behar duten. Botereen banantzea aspaldi apurtu zen', amaitu du.
Espainiako Gobernua, prest esku hartzeko
Bitartean, Mariano Rajoyren Gobernuak berretsi du aztertuta dituela erantzun guztiak, eta prest dagoela esku hartzeko, urriaren 1eko erreferenduma egin ez dadin.
Ministroen Kontseilua amaituta emandako prentsaurrekoan, Iñigo Mendez de Vigo ministro bozeramaileak azaldu du Gobernuak 'egoera posible guztiak' dituela aurreikusita, erreferenduma dela eta, eta 'beharrezko baliabide guztiak' dituela bere esku, aurre egiteko.
'Gobernuak aukera guztiak aztertu ditu, eta erantzun guztiak ditu ikasita, legea betearazteko', esan du ministroak; haren arabera, 'erantzunak proportzionaltasuna eta izaria izango du, beti egongo gara elkarrizketarako prest'.
"Zuzenbide Estatuak bere sendotasuna frogatu du"
Beste alde batetik, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du urriaren 1erako erreferenduma iragarri zuten arren oraindik ez dutela galdeketa deitu. Hala, hilabete bat besterik ez dela geratzen gogoratu du, eta independentziaren inguruko galdeketa egin ez dadin "Zuzenbide Estatuak bere sendotasuna" erakusten ari duela gaineratu du.
Saenz de Santamariaren arabera, independentistek erreferenduma deitzen duten egun horretan "zuzenean demokraziatik irteten direla sinatuko dute". Orduan, "demokraziak bere esku dituen arma guztiekin" erantzungo diela gaineratu du.
"Bake eta lasaitasun osoz, legediaren indar guztia dauka zuzenbide Estatuak", esan du Saenz de Santamariak. "Araudia errespetatzen duenak ez du beldurrik izan behar legea betearazteko, demokraziaren indar guztia baitu", ziurtatu du Espainiako Gobernuko presidenteordeak.
Bozkatzeko unean PSC hemiziklotik irtengo da
Testuinguru horretan, Junts pel Sik eta CUPek Iragankortasunerako legea (deskonexio lege nagusia) onartzeko bozketa egiten duten unean, sozialistak hemziklotik irten egingo direla jakinarazi du ostiral honetan Miquel Iceta PSCren idazkari nagusiak. "Alderdi Sozialistak ez du parte hartuko Estatutua eta Konstituzioa likidatzen duen bozketa batean", esan du Icetak.
Aurreikuspenen arabera, hurrengo bilkuran onartuko dute Junts pel Sik eta CUPek deskonexio lege nagusia, aurretik lege horren tramitazioa eztabaidatu behar izan gabe. Hala, independentismoak "oposizioaren eskubideak urratu, legedia ez errespetatu eta erakundeak bortxatzen dituen unea iritsiko balitz, PSCk ez luke bozketan parte hartuko eta hemiziklotik alde egingo luke".
Dena dela, bozketa hori aurrera eraman aurretik "legedia errespetatu" dadin ahaleginduko dela jakinarazi du Icetak. Ildo horretatik, "ordenamendu juridikoaren kontra doazen legeak" ezin direla inoiz onartu ohartarazi du.