Erreferenduma Katalunian
Kataluniako erreferendum legearen gako nagusiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauxe izango da erreferendumeko galdera: "Nahi al duzu Katalunia Estatu independentea izatea, errepublika forman?"
SARRERA: AUTODETERMINAZIOA
Legearen sarreran autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute giza eskubideen artean “lehena” dela azpimarratuta. Gainera, nazioarteko hainbat itunetan jasotzen dela aipatu dute. Urriaren batean erreferenduma galaraziko balute, Estatuak berak sinatutako nazioarteko eskubideak urratuko liratekeela dio legeak.
LEGE GORENA
Onartutakoaren arabera, erreferendum legeak maila “gorena” du, eta salbuespenezko erregimen juridikoa ezartzen du Katalunian. Horrela, erreferendum legea “beste edozein legeren gainetik” dago (Estatutua eta Konstituzioa barne). Horrela, funtzionarioak, langileak, agintariak eta erreferendumarekin kolaboratuko duten enpresak blindatzea dute helburu.
HAUTESLEAK
Erreferendumean Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea duten adin nagusikoek parte hartu ahalko dute. Atzerrian bizi diren kataluniarrek ere izango dute bozkatzeko eskubidea, betiere Generalitatearen erroldan izena ematen badute. Ez da posta bidezko botorik egongo.
HAUTETSONTZIAK, ERROLDA ETA BOTO-PAPERAK
Erreferendumerako hauteskunde errolda urriaren 1eko zalantza nagusietako bat da, eta legeak ez du argitzen, Kataluniako Gobernuaren esku uzten baitu kontu hori. Dekretu bidez arautu beharko du Generalitateak.
GALDERA
Galdera hiru hizkuntzatan egongo da boto-paperetan: katalanez, gaztelaniaz eta okzitanieraz. Hauxe izango da: "Nahi al duzu Katalunia Estatu independentea izatea, errepublika forman?". BAI edo EZ markatu edo botoa zuri emateko aukera izango dute.
HAUTESLEKUAK
Udalek Generalitatearen esku utzi beharko dituzte hauteslekuak, eta hauteskunde mahaiek presidente bat eta bi mahaikide izango dituzte. Kide horiek zoriz hautatuko dituzte, eta behartuta egongo dira bertan parte hartzera.
LOTESLEA
Erreferendumak ez du ezartzen gutxieneko parte-hartzerik, eta emaitzak “lotesleak”, hots, halabeharrez betetzekoak, izango dira. Baietzak irabaziz gero, trantsizio juridikoaren legea sartuko da indarrean, eta 48 orduan aldarrikatuko dute independentzia.
HAUTESKUNDE KANPAINA
Hauteskunde kanpaina irailaren 15ean hasiko da, eta 15 egun iraungo du.