Itxi

Kataluniako erreferenduma

Konstituzionalak ez du onartu Forcadellen errekusazio eskaera

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Auzitegi Konstituzionaleko 12 epaileak aho batez agertu dira errekusazioaren aurka, eta horretarako emandako autoan azaldu dute Forcadellen eskaera "modu orokorrean" eginda dagoela.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. EFE

Auzitegi Konstituzionalak aho batez baztertu du Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak jurisdikzio-organo horretako 12 kideak errefusatzeko aurkeztutako eskaera. Forcadellek atzo aurkeztu zuen epaileen errekusazioa, "inpartzialtasun falta" argudiatuta, eta independentziaren prozesuaren defentsarako eskubidea "bermatzeko" helburuarekin.

Konstituzionaleko 12 epaileak aho batez agertu dira errekusazioaren aurka, eta Forcadellen eskaera "modu orokorrean" eginda dagoela jaso dute beren autoan. Errekusazioa epaileen talde osoari zuzenduta egon arren, "azken finean, auzitegiari berari zuzenduta dago, ez berori osatzen duten kideei", gaineratu dute.

Arrazoi guzti horiek argudiatu ditu Konstituzionalak errekusazioa baztertzeko. Bestalde, Konstituzionala auzitegi berezia eta bakarra da, ez baita botere judizialaren parte eta bera osatzen duten epaileek ez baitute ordezkorik.

Forcadellen errekusazio idazkia Botere Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitako arrazoietan oinarritu zen. Izan ere, "Konstituzionaleko epaileek zigor-arloko auziaren instrukzioan parte hartu edo aurretik horren inguruko epaia eman zutela" argudiatu zuen Kataluniako Parlamentuko presidenteak bere idazkian.

Konstituzio-doktrinak jasotzen duenez, errekusazio eskaerek ikuspegi edo argudiatze okerra badute, atzera bota daitezke, eta hori egin du Konstituzionalak Forcadellen eskaerarekin.

Albisteak (1)