Itxi

Erreferenduma Katalunian

Fiskaltzak Carles Puigdemont eta Generalitatea auzitara eraman ditu

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Kereila urriaren 1eko erreferenduma deitzeagatik aurkeztu du Kataluniako Fiskaltza Nagusiak, desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Kataluniako Gobernua. Artxiboko irudia: EFE

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta Exekutiboko kide guztien aurkako kereila aurkeztu du, desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Azken delituagatik kartzela-zigorra ezarri diezaiekete.

Kereila urriaren 1eko erreferenduma deitzeagatik aurkeztu du Kataluniako Fiskaltza Nagusiak, Jose Manuel Maza Estatuko fiskalburuak atzo iragarri bezala. Auzitegi Konstituzionalak erreferendum deialdia baliogabetu zuen atzo, Gobernuaren helegiteak tramitera onartu ondoren.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamenturen presidentea eta Mahaiko lau kide ere auzitara eraman ditu Fiskaltzak, guztiek erreferendum eta trantsizio legeak tramitera onartu zituztelako. Fiskaltzak “agintaritza publiko baten desobedientzia larria”, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu die.

Trantsizio eta ogasun legeei helegitea aurkeztu die Rajoyren Gobernuak

Bestalde, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak iragarri duenez, Ministroen Kontseiluak trantsizio juridikorako eta errepublika sortzeko legeari errekurtsoa jartzea adostu du gaur.

Era berean, ogasun propioa sortzeko legeari helegitea aurkeztea erabaki du Gobernu zentralak.

Trantsizio legeari helegitea aurkeztearen aldeko txostena gaur bertan jaso du Rajoyren Exekutiboak, Estatu Kontseiluaren eskutik. Arau berria ofizialki argitaratzeko zain, indarrean sartzeko ezinbesteko baldintza, Ministroen Kontseiluak helegitea aurkezteko baimena eman dio Mariano Rajoy presidenteari.

Ogasun legeko artikulu bati helegitea jartzeko baimena eman dio Ministroen Kontseiluak Rajoyri; izan ere, “Kataluniako Gobernuak Zerga Agentzia propioa bultzatu nahi du, Ogasun propioa izateko”.

Erreferenduma “sustatzea, antolatzea eta egitea” eragozteko eskatu die Fiskaltzak Mossoei

Independentzia erreferendumari “itxurazko estalgarri legala” emateko webguneak ixtea eskatu du Fiskaltzak. Era berean, urriaren 1eko galdeketaren inguruko iragarkirik ez zabaltzeko ohartarazi die komunikabide publiko eta pribatuei.

Erreferenduma egiteko baliabiderik ez eskaintzeko eskatu die Fiskaltzak alkateei, hala nola, lokalak.

Erreferenduma eragozteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu die Segurtasun Indarrei (Guardia Zibila, Polizia eta Mossoak).

Albisteak (3)