RADIO EUSKADI
Katalunairi traizio egitea leporatu dio EH Bilduk EAJri
EITB.EUS
Urriaren 1ean erreferenduma egingo dela ziur agertu dira EAJ eta EH Bildu. PPk eta PSE-EEk, berriz, prozesua antzerki hutsa dela esan dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kataluniako prozesu independentista izan dute hizpide, goizean, euskal alderdi nagusienetako ordezkariek, Radio Euskadin. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen iritzian, Espainiako Gobernuak azken urteotan erakutsi duen errespetu faltaren aurrean, Kataluniak ez dauka beste irtenbiderik.
"Sinestezina" iritzi dio Egibarrek Espainiako Gobernuko buruak adostutako erreferendum bat antolatzeko aukerari muzin egin, eta kataluniarrei beste biderik ez ematea.
"Espainiako Gobernua ez da gai izan" Kataluniari proposamen politiko bakar bat ere eskaintzeko, Egibarren iritzian. Rajoyren erantzun bakarra "ezetza" da, eta horretarako Fiskaltzaren eta Auzitegi Konstituzionalaren bideak erabiltzen ditu, buruzagi jeltzalearen aburuz.
Urriaren 1ean "demokraziak gainezka" egingo duela esan du Egibarrek. Gaineratu duenez, proposamen politikorik egon ez denez, Kataluniari boto-kutxak ateratzea beste irtenbiderik ez zaio geratu, "duintasun pertsonalagatik eta kolektiboagatik".
EH Bildu
Iker Casanovak EH Bilduko legebiltzarkideak ere ez du zalantzarik, eta urriaren 1ean kataluniarrek etorkizunari buruzko botoa emango dutela eta Kataluniako Errepublikaren abiapuntua jarriko dutela esan du.
EAJren jarrera gogor kritikatu du Casanovak. Rajoyren "helduleku izateari utzi", eta prozesu independentistaren alde argi eta garbi agertzeko eskatu die jeltzaleei. "Ez dut irudikatu ere egin nahi; Puigdemont kartzelan eta EAJ PPrekin aurrekontuei babesa eman edo ez eztabaidatzen", esan du.
Elkarrekin Podemos
Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere EAJren jarrera salatu du. Espainiako Gobernuan Alderdi Popularrari babesa ematen noiz arte jarraitu behar duten galdetu die jeltzaleei Becerrak. Horren iritzian, egungo egoeraren "erantzule nagusia PP da".
Erabakitzeko eskubidearen alde agertu da, baina eskubide hori nola gauzatzean dago gakoa Elkarrekin Podemoseko kidearentzat. Erabakitzeko eskubidea akordioaren eta elkarrizketaren bidez gauzatu behar dela uste du, Eskozian eta Quebecen bezala. Katalunian aukeratutako bidea ez dela egokiena esan du.
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEk legebiltzarkidearentzat, berriz, erreferendumak eta Katalunian bizi duten prozesuak ez dute ez buru eta ez hankarik. Prozesuak ibilbide laburra izango duela ziurtatu du eta ondorio bakarra urriaren 2ko "frustrazioa" izango dela nabarmendu du. Horren iritzian, kataluniarren gehiengoak ez du Espainiarekin duen lotura hautsi nahi, eta egoera bideratzeko tresna politikoak erabiltzeko deia egin du.
PP
Iritzi berekoa da Borja Semper buruzagi popularra ere. Urriaren 1ean ez dela galdeketarik egongo adierazi du, eta egotekotan "antzerki hutsa" izango dela gaineratu du. Urriaren 2an zabalduko da, Semperren hitzetan, prozesu honen arorik interesanteena, "elkarrizketarako mekanismoak aktibatu" beharko direlako.
"Euskadi bezalako erkidegoen eredua" jarraitzea dela biderik egokiena esan du, Espainiako Gobernuarekin hitz eginez.