Itxi

Ogasun Ministerioari

Generalitateak gastuen inguruko txostenak astero bidaltzeari utzi dio

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ministroen Kontseiluak neurri berriak hartuko ditu bihar, kataluniarren diru publikoa erreferenduma egiteko bideratzen ez dela bermatzeko.

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea. Argazkia: EFE

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak Ogasun Ministerioari gutun bat bidali dio, Kataluniako Gobernuak gastuen inguruko txostenak astero bidaltzeari utziko diola jakinarazteko. Generalitateak hilero txosten bakarra egingo du, ondorioz, urriaren 1a igaro arte ez du informazio gehiago igorriko.

TV3 telebistak aurreratu eta Ekonomia Kontseilaritzako iturriek baieztatu dutenez, Junquerasek Cristobal Montoro Ogasun ministroari gutuna bidali dio gaur bertan.

Junquerasen hitzetan, astero txostenak bidaltzeari utziko diote, “aurrekontuen egonkortasun helburuekin eta Estatuko legediarekin zerikusirik ez duen kontrol politikoa delako”.

Kontseilariak gutunean ziurtatu duenez, Kataluniak erkidegoei ezarritako defizit helburuarekin konprometiturik jarraitzen du, eta gastuen inguruko txostenak bidaliko ditu, baina hilero soilik.

Horrela, urriaren 1a igaro arte Generalitateak ez du txosten berririk igorriko. Kataluniako Gobernuak independentzia erreferenduma egiteko asmoa du, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi.

Espainiako Gobernuak Generalitateari txostenak bidaltzea inposatu zion, erreferendumera bideratutako aurrekontu-sailik ez dagoela idatziz bermatzeko.

Espainiako Gobernuak neurriak hartuko ditu

Ministroen Kontseiluak neurri berriak hartuko ditu bihar, kataluniarren diru publikoa erreferenduma egiteko bideratzen ez dela bermatzeko.

Uztailaren 21ean Generalitatearen gastuen gaineko kontrola areagotzea erabaki zuen Ministroen Kontseiluak, asteroko txosten hori eskatuz eta, informazioa bidali ezean, Erkidegoen Likideziarako Funtsarekin erantzungo zuela ohartaraziz.

Generalitateak txostena astero bidaltzeari uko egin ondoren, Gai Ekonomikoetarako Batzorde Delegatuak bilera egin du gaur Moncloa Jauregian, Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.

Exekutiboak neurriak zehaztu bitartean, Generalitateko hornitzaileei eta zerbitzu publikoei kalte egingo ez dietela ziurtatu dute iturriek.

Bere eginbeharra betetzeko eta informazioa berehala bidaltzeko eskatu dio Cristobal Montoro Ogasun ministroak Generalitateari.

Datuak bidaltzen ez baldin badituzte “beharrezko neurriak” hartuko dituzte, Generalitateak indarrean dagoen legedia eta, konkretuki, aurrekontuen egonkortasunerako araudia betetzeko, Montorok Gobernuaren erantzun gutunean ohartarazi duenez.

Albisteak (1)