Kataluniako erreferenduma
Espainiako Gobernuak Generalitatearen diru-kontuen kontrola hartuko du
Agentziak | Erredakzioa
Cristobal Montorok iragarri duenez, Espainiako Gobernuak Kataluniako aurrekontuan eskua sartuko du, erreferenduma antolatzeko dirurik bideratuko ez dutela bermatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Gobernuak iragarri du Generalitatearen kontuetan eskua sartuko duela, Carles Puigdemontek exekutiboak urriaren 1ean erreferenduma egiteko diru publikorik bideratuko ez duela ziurtatzeko.
Estatuak 48 orduko epea eman dio Generalitateari, erreferenduma finantzatuko ez duela idatziz ziurtatzeko.
Hala egin ezean, Mariano Rajoyren Gobernuak Kataluniako Gobernuaren kontuak bereganatuko ditu, gaur Ministroen Kontseiluan onartu duten neurri berri baten bidez.
Cristobal Montorok egin du iragarpena eta esan du neurri horren inguruko xehetasunak datorren astean azalduko dituela Diputatuen Kongresuan egingo duen agerraldian.
"Ez gaude Kataluniako eskumenak ordezkatzen; legez kanpoko jarduerak finantzatuko ez diela bermatzen ari gara", esan du Montorok.
"Kataluniako Gobernuak bere aurrekontuko dirua oinarrizko zerbitzuak –langile publikoen soldatak, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak- bermatzeko erabili beharrean, urriaren 1eko erreferenduma finantzatzeko erabiliz gero, Estatuak bere gain hartuko du sail horiek guztiak ordaintzen ardura", azaldu du.
"Generalitateko buruzagiek eragin duten salbuespeneko egoera mantendu eta legea urratzen jarraitzen duten bitartean egongo da indarrean aipatu neurria", erantsi du.
Montororen iritzian, "Kataluniako eta Espainiako herritarren interesak eta Espainiako Konstituzioa eta legedia daude jokoan".