Itxi

Katalunia

Erreferendumaren kartelak egiteko plantxak atzeman ditu Guardia Zibilak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Enpresa berean galdeketaren aldeko eta erreferendumean 'bai' bozkatzeko kartelak atzeman izana "esanguratsutzat" hartu du Espainiako Barne Ministroak.

Erreferendumaren aldeko kartelak egiteko hainbat plantxa atzeman ditu Guardia Zibilak. Argazkia: EFE

Urriaren 1ean Katalunian egingo duten erreferendumaren aldeko kartelak ekoizteko hainbat plantxa atzeman ditu larunbat honetan Guardia Zibilak, San Adria de Besos (Bartzelona) herriko enpresa batean egindako polizia operazio batean, Espainiako Barne Ministroak jakitera eman duenez.

Zukoy izeneko enpresa horretan, independentziari buruzko galdeketan parte hartzea bultzatuko luketen kartelak egitera bideratuta dauden hainbat plantxa atzeman dituzte, baita erreferendumean 'bai' bozkatzeko deia luzatzen duten kartelak ekoizteko beste plantxa batzuk ere.

Espainiako Barne Ministroak "adierazgarritzat" hartu du enpresa berean bi plantxa mota horiek atzeman izana. "Operazio horrek argi erakusten du toki eta epe berean ekoitzi direla erreferendumaren eta baietzaren aldeko kartelak", adierazi du Espainiako Gobernuak.

Ostiralean independentziari buruzko galdeketaren aldeko 100.000 kartel atzeman zituen Guardia Zibilak. "Atzo burututako polizia operazioarekin alderatuta, kartel horiek ekoizteko balio duten plantxak atzematea lortu dugu gaur. Gauzak horrela, mota horretako kartelak inprimatzen jarraitzea galarazi diegu", azpimarratu du Barne Ministroak.

Guardia Zibilak Kataluniako Fiskaltzak "emandako aginduari jarraiki" burutu ditu polizia operazio horiek, eta, Espainiako Gobernuak ziurtatu duenez, kasu horietan guztietan ohiko ikerketa protokoloa jarraitu da.

Albisteak (4)