Itxi

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Erreferendumerako 10 bat milioi boto-paper konfiskatu ditu Guardia Zibilak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bigues i Riells (Bartzelona) herriko industria-nabe batean atzeman dituzte, eta bi pertsona atxilotu.

Terrassa, atzo. Argazkia: EiTB.

Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferendumerako 10 bat milioi boto-paper atzeman ditu, Bartzelonan, Bigues i Riells udalerriko industria-nabe batean egindako miaketan, Efe albiste agentziak ikerketako iturriak aipatuz jakinarazi duenez.

"Bai" eta "ez" dioten boto-paperak atzemateaz gain, agenteek U-1eko hauteskundeetarako material ugari aurkitu dute.

Miatutako industria-nabearen jabea Pau Furriol Fornells da; gaur goizean atxilotu dute, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiak aginduta, eta Mercedes M. Martos atxilotu dute harekin batera.

45.000 jakinarazpen

Urriaren 1eko erreferendumean hauteskunde-mahaietan lan egitea egokitu zaien herritarrei bidali beharreko jakinarazpenak konfiskatu zituen atzo Guardia Zibilak, Kataluniako hainbat herritan egindako miaketetan.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak azaldu duenez, herritarrei bidaltzeko prest zeuden 45.000 gutun-azal atzeman zituzten. Unipost mezularitza-enpresak Manresan, L?Hospitalet de Llobregaten, Bartzelonan eta Terrassan dituen egoitzetara sartu zen Guardia Zibila, epaileak aginduta.

Manresan eta Terrassan konfiskatu zituzten 45.000 jakinarazpenak. Barne Ministerioaren arabera, gutun-azaletan Generalitatea agertzen da bidaltzaile moduan, eta jasotzailearen izen-abizenak ere ageri dira horietan. Atzemandako agiri guztiak epailearen esku utzi zituen Guardia Zibilak.

Miaketek iraun zuten bitartean, dozenaka herritarrek protesta egin zuten Manresan, eta mossoek haien kontra egin zuten.

Azken egunotan, erreferendumaren aldeko kartelak, esku-orriak eta diptikoak atzeman dituzte (1,5 milioi baino gehiago), eta urriaren 1ari buruzko informazioa zabaltzeko abian jarritako web orriak ere itxiarazi dituzte. Atzoko operazioarekin, hauteskunde-egunerako beharrezkoak diren agiriak konfiskatzeari ekin dio Espainiako Gobernuak.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)