Miaketak eta atxiloketak
Urkulluk uste du Estatuak sua biziagotu duela Katalunian
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakariaren ustez, Estatuko botereak Kataluniako gaia “itzulbiderik gabeko puntu batera” eramaten ari dira, eta elkarrizketarako deia egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Estatuko botereak “gasolina gehiago botatzen ari dira sutara” Kataluniako gaian, eta “itzulbiderik gabeko puntu batera” eramaten ari dira. Gainera, afera bideratzeko deia egin du, “bizikidetza eremu batean sakontzea beharrezkoa baita”.
Lehendakariak Miramongo teknologia parkean, Graphenea enpresaren instlazio berrien inaugurazioan, esan duenez, ezin du ulertu nola egin duen ihes esku artetik “adostasunera heltzeko elkarrizketa, negoziazioa eta errealitatea aintzat hartzea behar duen egoera batek”.
Horren ildotik, Estatuko botereek “gasolina gehiago botaz” amatatu nahi dute “balizko sutea”, Urkulluren hitzetan. “Ezin dut ulertu. Estatuko botereak ari dira hau guztia itzulbiderik gabeko toki batera eramaten”, baieztatu du.
Hori dela eta, “elkarrizketarako” deia egin du “oso kezkagarria iruditzen baitzait hitz egiteko aukera errefusatzea”.