Kataluniako erreferenduma
13 pertsona ikerketapean, urriaren 1eko webgunearen kopiak sareratzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak desobedientzia delitua leporatu diete guztiei, erreferendumari buruzko atari digitalen kopiak egiteagatik.
Hamahiru pertsona ikerketapean jarri ditu Espainiako Poliziak Kataluniako erreferendumaren webgunearen kopiak sareratzea egotzita. Urriaren 1eko webgunea itxi zuen Guardia Zibilak, baina haren ordezkoak kaleratu zituzten laster.
Hamahiru pertsona horiek gaur galdekatu ditu Espainiako Poliziak. Bartzelonako polizia-etxean bederatzi lagunek deklaratu dute; gainerakoek, Gironan eta Tarragonan egin dute.
Galdeketa amaituta, aske utzi dituzte guztiak, baina desobedientzia delitua leporatuta. Beraz, epaileak noiz deituko zain geratu dira.
Besteak beste, marianorajoy.cat domeinuaren sortzailea dago ikerketapean.
Poliziaren galderak gehienak legediari lotutakoak izan direla, baina ez deklaratzeko eskubidea baliatu duela jakinarazi du ikasle horrek Bartzelonako komisaldegitik ateratzerakoan.
Gironan deklaratu duten gazteen abokatuek Poliziaren erabakia kritikatu dute, atari digitalen kopiak egitea delitua izan zitekeela ez zekitelako.
Polizia-etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte, kaltetuei elkartasuna adierazteko.
Larunbatean, urriaren 1ean non eta nola bozkatu ahal den azaltzen zuten hiru webguneak ixteko agindu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak.
Errekerimendua udalei
Bitartean, erreferendumaren alde izenpetutako agirien kopia eskatuko die Guardia Zibilak Kataluniako 31 udalei, Fiskaltzak hala eskatuta. Horrez gain, urriaren 1ean udal lokalak uzteko sinatutako dokumentuak ere galdegingo dizkiete.
Iturri fiskalek azaldu dutenez, Fiskaltza Lleidako udalak ikertzen ari da, 57tik 30 bat. Alkateak dagoeneko deklaratzera deitu dituzte. Hain justu, Olianako (Lleida) Udaletxean sartu da goizean Guardia Zibila agirion bila, Miquel Sala alkateak TV3 telebista kateari azaldu dionez.
Esan duenez, agenteek udal idazkaritzari eman diote errekerimendua eta Gobernuak udalei bidalitako kartekin zerikusia duen txosten juridiko bat eraman dute. Karta horietan legea betetzea eskatu eta Konstituzionalari kasurik ez egiteak ekar ditzakeen ondorioez ohartaraztu zien.
U-1ari Oliako Udalak egindako babes dekretua ere eskatu diote, nahiz eta alkateak sinatu ez zuela ikusi duten. Manifestu baten bitartez erakutsi zion babesa erreferendumari, azaldu du Salak.
Tarragonako Fiskaltzak fax bitartez eskatu die erreferenduma babesteagatik ikertutako alkateei dokumentazioa, lokalak uztearekin edota kontsultari egindako babes ofizialarekin zerikusia dutenak.