Katalunia
Kontu Auzitegiak 5,25 milioiko bermea eskatu dio Masi A9agatik
Agentziak | Erredakzioa
15 eguneko epea eman dio ordaintzeko, eta, egin ezean, ondasunak bahituko dizkio.
Kontu Auzitegiak 5,25 milioi euroko bermea eskatu dio Artur Mas Generalitateko presidente ohiari 2014ko azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailea antolatzeko diru publikoa erabiltzeagatik. Gobernuburu ohiak 15 eguneko epea du ordaintzeko.
Kontsulta antolatzeko erabilitako dirutza (4,8 milioi euro) eta gaur arte sortutako interesak (0,4 milioi) eskatu dizkio gobernuburu izandakoari, Masen abokatuen gertukoek azaldu dutenez.
Auzitegiaren esanetan, auzipetuek 15 eguneko epea dute bermea ordaintzeko, eta, egin ezean, ondasunak bahituko dizkiete. Bermea "solidarioa" dela zehaztu dute Kontu Auzitegiko iturriek, hau da, auzipetuetako batek ordaintzen ez badu, gainerakoek egin beharko diote aurre zorraren zati horri.
Ortegari, Rigauri eta Homsi ere bermea
Masekin batera, Kataluniako Gobernuaren hiru kontseilari ohiri (Joana Ortega, Irene Rigau eta Francesc Homs) eta Generalitateko Presidentetzako zazpi karguduni jarri diete bermea.
Kataluniako Gizarte Zibila elkarteak (berak jarri zuen salaketa) emandako datuen arabera, handiena, hiru bat milioikoa, Ortegari ezarri diote; Homsek 2,1 milioi ordaindu beharko ditu; eta Ortegak, 0,8 milioi.
Dena dela, Auzitegiko iturriek zehaztu dute auzipetu bakoitzak ordaindu beharrekoaren behin-behineko kitapen agiria helaraziko dietela abokatuei.
10:30ean hasi da, Kontu Auzitegiko areto batean, Mas eta Kataluniako Gobernuko gainerako kideak ordezkatzen dituzten prokuradore eta lau abokatuek instrukzio epailearekin, fiskalarekin eta akusazioarekin egin beharreko bilera, eta orduak eman dituzte bilduta.