Dokumentazioa
Nola aplikatzen da 155. artikulua?
eitb.eus
Konstituzioaren 155. artikuluak ez ditu zehazten Espainiako Gobernuak autonomia erkidego baten aurka har ditzakeen neurriak.
Auzitegi Konstituzionalak erreferendum legea eta iragankortasun juridikorako legea baliogabetu zituen; Espainiako Gobernuak Generalitatearen diru-kontuen kontrola bere gain hartu du; Guardia Zibila hautestontziak eta boto-paperak konfiskatu eta Kataluniako Gobernuko kideak atxilotu ditu; Fiskaltzak 700 alkate ikertzeko eta deklaratzera deitzeko agindua eman du eta Carles Puigdemont atxilotua izan daitekeela ohartarazi du.
Estatuak makinaria guztia jarri du abian Kataluniako erreferenduma galarazteko eta hurrengo urratsa Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea izango dela ematen du.
Arestian aipatutako neurri horiekin guztiekin, Mariano Rajoyren Gobernuak 155. artikulua praktikan jarrita duela salatu zuen Carles Puigdemontek.
Baina, zer dio Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak eta nola aplikatzen da?
Zer da?
Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen jarduera kontrola dezake.
Salbuespeneko mekanismoak erabiltzeko aukera ematen dio Estatuari, honek "salbuespeneko edo muturreko neurriak" hartuta, autonomia bati "bere eginkizunak betetzera derrigortzeko".
Noiz aplika daiteke?
Artikuluak dioena aintzat hartuta, Espainiako Gobernuak bi kasutan ezarri dezake:
- Autonomia erkidego batek Konstituzioak eta beste lege batzuek agindutakoa betetzen ez dutenean.
- Autonomia erkidego batek Espainiaren interes orokorraren aurka jarduten duenean.
Nola aplikatu behar da?
Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko prozedura ondokoa da:
- Hasteko, Espainiako Gobernuak jakinarazpen bat igorri behar dio aipatu autonomia erkidegoko presidenteari, bere eginbeharrak betetzeko edo bere jarrera aldatzeko aginduz.
- Honek kasurik egin ezean, Espainiako Gobernuak "hartu beharreko neurriak hartuko ditu" autonomia horrek bere obligazioak bete ditzan.
- Espainiako Gobernuak proposamen bat eraman beharko du Senatura, hartu nahi dituen neurriak zehaztuta. Neurri horiek Autonomia Erkidegoen Batzordean eztabaidatuko dituzte eta kaltetutako presidente autonomikoak alegazioak aurkezteko aukera izango du.
- Behin betiko proposamena osoko bilkuran bozkatuko dute eta honek aurrera egin dezan gehiengo absolutuaren babesa ezinbestekoa izango da. Egun PPk dauka gehiengo absolutua Senatuan.
Aipatzekoa da Konstituzioaren 155. artikulua inoiz ez dela aplikatu eta, beraz, neurri horrek izan ditzakeen ondorioak aurreikustea zaila da.