Larunbatean, Bilbon
Gure Esku Dagok manifestazioa deitu du Kataluniari elkartasuna adierazteko
E. Lotina | eitb.eus
EAJk, EH Bilduk, ELAk eta LABek manifestazioari babesa eman diote. “Kataluniako gizartea bizitzen ari den egoera guztiz larria da”, salatu du plataformak.
Gure Esku Dago plataformak “Kataluniari elkartasuna adierazteko” manifestazioa deitu du. Mobilizazioa datorren larunbatean, irailak 30, Bilbon izango da.
Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas plataformako bozeramaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez, “Kataluniako gizartea bizitzen ari den egoera guztiz larria da”.
“De facto salbuespen egoera ezarri dute Espainiako Gobernuak eta estamentu judizialek. Kataluniako autonomia kolokan dago Espainiako Gobernuak Generalitaten kontuak eta Mossoen kontrola bereganatzeko agindua eman ondoren”, erantsi dute.
“Horrez gain, eskubide zibil eta politikoak eta askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Une hauetan demokrazia bera jokoan dago Katalunian”, azpimarratu dute.
'Demokrazia | Erabakitzeko askatasuna' lelopean, manifestazioa Casilla plazatik abiatuko da 17:30ean eta udaletxerainoko ibilbidea egingo du.
EAJk eta EH Bilduk mobilizazioarekin bat egin dute. Hala, Itxaso Atutxa, Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre (EH Bildu) prentsaurrekoan izan dira.
Era berean, Begotxu Olaizolak eta Silvia Formentik (ANC EH) eta Txutxi Ariznabarretak eta Kristina Rodriguezek (Independentistak) aurkezpenean parte hartu dute.
Sindikatu abertzaleen atxikimendua
ELA eta LAB sindikatuek manifestazioari babesa eman diote eta parte hartzeko dei egin dute.
“Kataluniako herritarrei babesa emateko manifestazioa izatea nahi dugu, une honetan Espainiako Estatuaren eraso antidemokratiko gogorra pairatzen ari direlako, urriaren 1eko erreferenduma indarrez eragotzi nahi duelako”, nabarmendu dute ELAk eta LABek agiri batean.