Kataluniako erreferenduma
Eusko Legebiltzarrak babesa erakutsi dio Kataluniako erreferendumari
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, Espainiako Gobernuak edo "beste edozein instantziak demokraziaren aurka" eta kontsultaren aurka har dezakeen edozein neurri errefusatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Legebiltzarrak urriaren 1eko Kataluniako erreferendumarekiko babesa eta errespetua erakutsi ditu ostegun honetan, eta Espainiako Gobernuak edo "beste edozein instantziak demokraziaren auka" eta kontsultaren aurka har dezakeen edozein neurri errefusatu du.
Iritzi hori EH Bilduk aurkeztu duen mozio batean bildu dute. EAJren babesa izan du, Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute.
"Libreki adierazitako" herritarren nahia "edozein herrialde edo kolektiboren etorkizuna eraikitzeko tresnarik eraginkorrena" dela adierazi dute onartutako testuan.
Halaber, herritarrei eta Euskadiko erakundeei erreferendumarekiko jarrera “aktiboa” eta “errespetuzkoa” izatea eskatu die.
Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan duenez, Katalunia bizitzen ari den egoera “oso larria da PPk hala nahi izan duelako”. Iriartek azaldu du erreferenduma ekiditeko Kataluniara bidaltzen ai diren guardia zibilak eta polizia nazionalak “a por ellos” oihuen artean kaleratzen dituztela.
“Erreferenduma legala eta legitimoa” dela babestu du Iriartek, eta, hori ekiditeko neurriekin, Espainiako Estatuak “biltzeko, elkartzeko eta adierazteko askatasuna hautsi du”. Horregatik, Espainiako Gobernuari “benetako estatu-kolpea” eman izana leporatu dio. Iriarteren ustez, jokoan dagoena ez da Kataluniaren “independentzia”, demokrazia bera baizik. “Demokraziaren alde zaude ala kontra”, azpimarratu du.
EAJren aldetik, “boto-txartelak eskuan” dituztela igandean katalanak bozkatzera joateko “arriskua” non dagoen azaltzeko eskatu dio Joseba Egibarrek PPri, eta Kataluniaren eskaerei “debekuarekin, tratu txarrekin eta umiliazio kolektiboarekin” erantzun izana leporatu dio Espainiako Gobernuari.
Halere, “emozioak eta sentimenduak ezin dira inposatu”, gaineratu du, eta Espainiako Gobernuak gai honetan berekin bat ez datozenei aurre egiteko “indarra” erabiltzea salatu du.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan duenez, “jokoan dagoena ez da independentzia, eskubideen defentsa eta askatasuna baizik”. “Arazoei demokrazia gehiagorekin ematen zaie irtenbidea, eta ez eskubide gutxiagorekin”, adierazi du. Horren ustez, eskubide hori “modu legalean, hitzartuan eta bi aldeen artean” artikulatu behar da.
Martinezek “oinarrizko eskubideak zapaldu” izana leporatu dio PPri. Halaber, bai PPk bai PSOEk Katalunian zazpi urtez egindako mobilizazioei “erantzun bat bera ere” eman ez izana deitoratu du. Popularrek gaia modu “guztiz arduragabean xaxatu” dutela salatu du.
PSE-EEri dagokionez, Jose Antonio Pastorrek esan du Kataluniako erreferendumak “linbo juridikoa” eragin dezakeela, eta lurraldeko herritarren eskubideak “arriskuan” jar ditzakeela. Hala eta guztiz ere, PPri erreferentzia eginez, “gehiengo absolututik ezberdinen arteko bide guztiak ezabatu” dituztenak kritikatu ditu.
Horrez gain, EAJk eta PSE-EEk lortutako gobernu-akordioa aldarrikatu du, “elkarrizketa eta akordioa” sustatzeko “aniztasuna eta legea bermatzeko” asmoz. Kataluniako erakundeek deitutako erreferendumarekin lotuta, honakoa esan du: “Esaten duguna esaten dugula, baina egin dena legez kanpo dago”.
Borja Semper Euskadiko PPk Legebiltzarrean duen bozeramaileak Espainiako Gobernuak erreferendumaren aurka hartutako neurriak babestu ditu, “bere eginkizunak utzi behar dituelako”. “Batzuek delitu bat egitea ekiditea eta eskubideak urratzea nahasten dute”, adierazi du.
Halaber, EAJ “Euskadin Kataluniako egoera kutsatzeari ateak ez irekitzea eta hegoak ez ematea” eskatu du, “ez delako onerako”.