Kataluniako erreferenduma
Mossoek bizikidetza bermatzea lehenetsiko dute, agindu judizialen gainetik
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Gobernuak azpimarratu du herritarren segurtasuna bermatzea erreferenduma galarazteko agindu judizialen gainetik dagoela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak jakinarazi du Esquadra Mossoek Kataluniako herritarren "bizikidetza" bermatzea lehenetsiko dutela, erreferenduma galarazteko agindu judizialen gainetik.
Kataluniako Segurtasun Batzordearen ondotik egin duen agerraldian esan du Mossoek jakin badakitela agindu judizialak bete egin behar dituztela, baina betiere istiluak saihestuta. Hori dela eta, Polizia autonomikoak "proportzionaltasunez" jokatuko duela ziurtatu du.
"Epaileak esandakoa ez dugu albo batean utziko, baina argi adierazi nahi dugu guretzako garrantzitsuagoa dela bizikidetza bermatzea", erantsi du.
Epaileak agindutakoa betetzea eta herritarren bozkatzeko eskubidea bermatzea bateragarriak ez direla ikusita, Kataluniako Gobernuak bizikidetzaren aldeko apustua egingo du: "Legea eta ebazpen judizialak betetzea oso garrantzitsua da, baina bizikidetza guzti horren gainetik dago".
"Kataluniako Gobernuaren konpromisoa argia da: bozkatu ahal izatea. Era berean, egia da Mossoak polizia judiziala direla eta, beraz, agindu judizialak betetzeko daudela, baina agindu horiek ahalik eta ondoren bete behar dira", adierazi du.
Bestalde, Fornek adierazgarritzat jo du hauteslekuak ostirala baino lehen zigilatzeko Fiskaltzak eman zuen agindua kolokan utzi duela Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, bozkalekuak ixteko agindua berretsi badu ere, hori nola egin zehaztu ez duelako.
Segurtasun Batzordearen bileran Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasuneko Estatu idazkaria izan da eta honek erreferenduma bertan behera uzteko eskatu diola baieztatu du. "Argi dago ez dugula horrelakorik egingo", esan du Fornek, Kataluniako herritarren gehiengoak erreferenduma babesten duela gogoratuta.
Hauteslekuentan kanpaldiak eginez gero, jendez hustuko dituzten galdetuta, Fornek erantzun du horrelako egoerarik ez dela eman, baina, edonola ere, Mossoek "proportzionaltasun" printzipioan oinarrituta jardungo dutela agindu du.
Espainiako Barne Ministerioko buruzagiak ere "proportzionaltasunez" jokatzearen aldekoak direla esan du. Horrez gain, gaurko bileran azken egunotako "tentsioak behera egin dezala" saiatu direla adierazi du.
Bestalde, kritikatu egin du Espainiako Gobernuak 10.000 guardia zibil eta polizia bidali izana Kataluniara, erreferenduma dela eta. Esquadra Mossoek ia 17.000 agente dituztela eta, beraz, polizia nahiko badagoela azpimarratu du.
Gainera, Katalunian segurtasuna bermatzea Mossoen eskumena dela gogoratu du Fornek, "baina badirudi Estatuari ahaztu egin zaiola".
Estatuak "irmotasunez" jokatuko du
Bilera amaituta, Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasuneko Estatu idazkariak ohartarazi du "irmotasun osoz" jardungo dutela igandeko erreferenduma galarazteko.
Barne Ministerioaren helburuak hiru direla berretsi du: legea betearaztea, Zuzenbide Estatua defendatzea eta bizikidetza bermatzea. Eta horretarako erreferenduma galaraztea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
"Lasaitasunerako" deia egin eta "konfiantza" eskatu die Kataluniako herritarrei, eta igandea jairako eguna izango dela esan du.
"Guztiok oinarrizko arauak errespetatzen baditugu, igandean bakoitzak nahi duena egingo du: batzuk piknika egingo dute eta beste batzuk manifestaziora joango dira, baina legerik urratu gabe", adierazi du.
Hauteslekuak ixteak istiluak sortzea eragin ote dezakeen galdetuta, Nietok ondoko erantzun du: "Inork ez du indarkeria erabiliko, justiziak esaten duena betetzen bada".
Kataluniako Segurtasun Batzordearen bileran hauek ere izan dira: Cesar Puig Generalitateko Barne idazkari nagusia; Pere Soler Mossoen zuzendari nagusia; Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagia; Diego Perez de los Cobos koronela eta urriaren 1eko polizia dispositiboaren koordinatzailea; Enric Millo Espainiako Gobernuaren ordezkaria Katalunian; eta Juan Antonio Puigserver Espainiako Barne Ministerioko idazkari nagusia.