Kataluniako erreferenduma
Espainiako Gobernua Katalunian egiten ari dena salatu dute NBEko adituek
eitb.eus
Erreferenduma galarazteko Mariano Rajoyren Gobernuak hartu dituen neurriek Kataluniako "herritarren oinarrizko eskubideak urratzen" dituztela esan dute.
Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen alorreko adituak kezkatuta agertu dira Espainiako Gobernua Kataluniako erreferenduma galarazteko hartzen ari den neurriekin, "oinarrizko eskubideak urratzen ari delako".
Horrela bada, Mariano Rajoyren exekutiboari gogorarazi diote "adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna eta parte-hartze publikorako askatasuna oinarrizko eskubideak" direla eta eskubide horiek guztiak bermatu egin behar dituela.
Hala adierazi du David Kaye adierazpen eta iritzi askatasunerako eskubidearen sustapen eta babeserako NBEren Errelatore Bereziak eta Alfred de Zaya demokrazia sustapenerako NBEren aditu independenteak.
"Erreferenduma legezkoa izan edo ez, Espainiako agintariek aipatu eskubideak bete egin behar dituzte, gizarte demokratiko batean oinarrizko eskubideak direlako", azpimarratu dute ohar batean.
"Ehunka milia katalan atera dira kalera, protestan, eta tentsioak gora egin du, inprimategiak miatuta eta erreferendumari lotutako materiala konfiskatuta; webgunean itxi dituzte, bilera politikoak saihestu dituzte, agintari politikoak atxilotu dituzte eta mobilizazio jendetsuen deitzaileei sedizioa leporatu diete, eta horrek 15 urte arteko zigorra ezartzea ekar liezaieke", ohartarazi du.
"Neurri horiek guztiak oso kezkagarritzat jotzen ditugu, oinarrizko eskubideak urratzen ari direlako, informazio publikoa galarazten ari direlako eta Espainiako demokraziak bizi duen une kritiko honetan eztabaida bat izateko aukera oztopatzen duelako", erantsi du.
Era berean, kezkatuta agertu dira Espainiako Gobernuak poliziak eta guardia zibilak bidali dituelako; izan ere, "horrek tentsioa eta gizartearen haserrea areagotzea ekar dezake".
Gauzak horrela, datozen egunetan "neurriz" jokatzeko eta "edozein motatako indarkeria" saihesteko eskatu diete indar politiko guztiei.