Kataluniako erreferenduma
Kataluniako Gobernuak 2.315 hautesleku zabalduko ditu U-1erako
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, 2.315 hautesleku irekiko dituzte, eta 09:00etatik 20:00etara bitartean bozkatu ahalko da, Espainiako Gobernuak erreferenduma galarazteko saiakerak arrakasta izan ezean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak oinarrizko datuak eman ditu ostiral honetan Generalitateak U-1erako deitutako independentzia erreferendumari buruz: 5.343.358 milioi hautesle daude deituta, eta 2.315 hautesleku izango dira.
Kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez, kontsulta egin egingo da, Espainiako Estatuak kontra egin arren. “Igandean bozkatu egingo da”, 09:00etatik 20:00etara bitartean, Mariano Rajoyren Gobernuak erreferenduma galarazteko ahalegin “neurrigabea” egin arren, “oinarrizko eskubideei eraso eginez”.
Generalitateak 7.235 boluntarioren laguntza izango du, baina ia 50.000 pertsonak eman zuten izena horretan laguntzeko. Kataluniako Gobernuaren esanetan, guztira 5.249 hauteskunde-mahai izango dira hauteslekuetan, eta mahai bakoitzeko hiru kide izango dira.
Zenbaketaren ikuskapena
Turullek azaldu duenez, akademikoek eta profesionalek osatuko dute hauteskunde-batzordea, aldebakarreko erreferendumeko emaitzak egiaztatzeko. Halere, ez ditu haien izenak emango igandera arte.
U-1erako bi egun baino gutxiago falta direnean, ez dago formalki Hauteskunde Sindikaturarik; Parlamentuak onartutako erreferendum legean azaltzen da. Kideek postua utzi zuten, Auzitegi Konstituzionalaren zigorrak saihesteko.
Bozeramailearen hitzetan, Kataluniako Gobernuak “arazo bakoitzari irtenbide bat aurkitzen dio”. Igandean “inork haien sinesgarritasun profesional, akademiko eta pertsonala ezbaian jarriko ez duen pertsonak izango ditugu”, eta emaitzen baliotasuna egiaztatuko dutela nabarmendu du.
"Alternatibak" izango direla esan du Junquerasek
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak “botoa galarazi nahi dutenen probokazioetan ez erortzeko” eskatu die Kataluniako herritarrei.
Espainiako Gobernuaren jarreraren aurrean, Junquerasek Generalitatearen jarrera oso bestelakoa dela esan du, “jendeagatik eta Espainiako kulturagatik maitasuna” sentitzen duela azaldu du. Maitasun hori ahalik eta harreman onenak mantentzen erakutsi behar dela gaineratu du.
Halaber, Junquerasek azpimarratu du bozkatzea debekatzen den lekuetan “alternatibak” izango direla, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren, hau da, bozkatu nahi duten katalan guztiek bozkatu ahal izango dute; emaitzek “dagokien baliotasuna” izango dutela gaineratu du. “Norbaitek demokraziaren aurkako beste keinu bat egiten hauteslekuak hartzen baditu, Kataluniako herritarrek igandean bozkatu ahal izango dute, eta emaitzek dagokien baliotasun guztia izango dutela konbentzituta gaude”, nabarmendu du.
Kataluniako Gobernuak hautetsontziak erakutsi ditu
Kataluniako Gobernuak lehen aldiz erreferendumeko hautetsontziak erakutsi ditu, Jordi Turull bozeramaielak, Orio Junqueras presindenteordeak eta Raul Romeva Kanpo arazoetako kontseilariak emandako prentsaurrekoan.
U-1eko hautetsontzia. EFE
Agerraldian, Turullek honako hau esan du: “Bukaeran gauza bat erakutsiko dizuegu”, eta, behin adierazpenak amaituta, Generalitateko pertsona batek hautetsontzi bat erakutsi du, eta hiru kontseilariek argazki bat atera dute harekin, iruzkinik egin gabe.
Nekazarien martxak traktoreekin
U-1eko erreferendumaren alde baserritarren martxak hasi dituzte 08:00etan, Unio de Pagesos laborantza-sindikatuak deituta, Kataluniako hainbat lekutan. Sindikatuak azaldu duenez, “demokrazia eta askatasuna defendatzeko”, kargu politikoak atxilotu ostean, Generalitatean sartu ostean eta eskubide zibilak hautsi ostean”.
Bartzelonatik, Gironatik, Camp de Tarragonatik eta Ebroko Lurretatik hasi da, eta Gobernuak bertan dituzten ordezkaritzetan amaitzea aurreikusi dute.