ERREFERENDUMA KATALUNIAN
Puigdemont: "Irabazi dugu"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bart Bartzelonan ospatutako azken mitinean, Generalitateko presidenteak esan zuen erreferenduma egin, egingo dela: "Amai dezagun prozesua eta ekin diezaiogun garapen sozialari".
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Kataluniak "Estatua garaitu" duela esan zien bart Bartzelonan, Maria Cristina etorbidean, elkartu ziren jarraitzaileei: "Gaur jada irabazi dugu. Beldurrak, mehatxuak, presioak eta gezurrak garaitu ditugu. Honaino iristen utzi nahi ez zigun Estatuari irabazi egin diogu".
Puigdemonten arabera, Kataluniako bizilagunek posible izango dute igande honetan botoa ematea, "Estatuak jarritako oztopoen gainetik", eta urriaren 1ean betirako amaituko da burujabetza prozesua, beste aro bati ekiteko: "Amai dezagun prozesuarekin, eta ekin diezaiogun garapen sozial, ekonomiko, kultural eta nazionalari".
Generalitateko presidenteak gogor gaitzetsi zituen Espainiako Gobernuaren eta Justiziaren azken erabakiak, eta euren garaipenaren gakoa horri aurre egitea dela nabarmendu zuen. Horregatik, lan guztia ez dagoela egina esan zuen eta "behin betiko garaipena" lortzeko igandeko erreferenduma ospatzea lortu behar dela, larunbat honetan bertan sor daitezkeen arazoak gaindituz.
Puigdemontek historiari erreferentzia eginez amaitu zuen bere hitzaldia: "Hel diezaiogun erreferendumari, historia aldatzeko" eta hala, Josep Tarradella Generalitateko presidentea erbestetik Kataluniara itzuli zenean ezagun egin zuen esaldia euren egingo dutela: "Ja som aquí (Hemen gaude jada)".