Itxi

PSE-EEren Kongresua

Euskadi Kataluniako eztabaidan egotea 'ekidin' du PSEk, Mendiaren hitzetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Halaber, Katalunian “guztientzat gobernatzeko gai ez diren politikarien egoskorkeriagatik kontra dauden herritarrak” egotea deitoratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan duenez, sozialistak Eusko Jaurlaritzan egoteak “iraganean sufritu genuen euskal herritarren arteko talka” ekidin du. Hala izan ezean, “Euskal Herriko eztabaida publikoa Kataluniako eta bertako prozesuan egongo litzateke”, gaineratu du.

Mendiak PSE-EEren VIII. Kongresuaren irekieran parte hartu du, “Ezkerraren Bermea” lelopean; Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari dira asteburuan. Guztira 379 ordezkari daude bertan. Mendia berriro aukeratu dute kargu horretarako, eta datozen lau urteetarako zuzendaritza sozialistaren talde berria ezagutu da.

Kongresua Alfonso Gil Bilboko zinegotzia buru izan duen mahaia osatuz hasi dute. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, Miquel Iceta PSCko lehen idazkaria, Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkaria eta Patxi Lopez lehendakari ohia izan dira, besteak beste.

Hitzaldian, Mendiak adierazi du PSE-EE gaur egun “euskal erakundeen buru” dela (EAJrekin batera), eta “egonkortasunaren giltzarria” dela hori gaineratu du, “influentziazko” alderdia izateagatik. Horrez gain, PP kritikatu du “ez baita espainiarren beharrei erantzuna emateko gai”. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak “arazo guztiak denbora pasatzen utzita konpontzen ditu”, azaldu du.

Bestalde, Pedro Sanchezen “proposamena” azpimarratu du, “transformatzailea eta ilusioa sortzen baitu”, eta euskal sozialistak horren zerbitzura daudela nabarmendu du, “Moncloara eramateko guztia emateko prest”.

Katalunia

Halaber, Katalunian “guztientzat gobernatzeko gai ez diren politikarien egoskorkeriagatik kontra dauden herritarrak” egotea deitoratu du. Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkarik ez dagoela esan du, “elkarrekin bizitzen jarraitzea merezi duten katalan ezberdinen artean” baizik.

“Porrota ekiditeko bidea ituna da. Gorren gerraren aurrean, elkarrizketa falta da. Herrialde bat ezberdinen artean soilik eraikitzen dela ikasi dugu Euskadin. Hori da Kataluniako gizartea bitan ez zatitzeko bide bakarra”, azaldu du.

Iceta: "Independentistek berdinketa bat erabaki nahi dute gutxigatik"

Bestalde, Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak esan du independentistek “berdinketa bat erabaki nahi dutela gutxigatik”, Katalunian “irabazleak eta galtzaileak egoteko”. “Erdia baino bat gehiago baino askoz ere gehiago biltzen” dituen akordio baten alde egin du.

Icetak katalanei erreferendumean parte ez hartzeko deia egin die berriro, “baliorik ez emateko”.

Sanchezek erreferendumean ez parte hartzeko eskatu du

Pedro Sanchez PSOEko buruak “demokratikoa ez den prozesu batean” ez parte hartzea eta independentistek “legezkotasunaren bidea berreskuratzea” eskatu du. Halaber, “lasaitasunerako deia” egin du, eta hilaren 2an “hausnarketa eguna” izango dela azaldu du, “bizikidetza gailentzeko”. “Ezin dugu demokratikoa ez den prozesu batean parte hartu, ez legezkoa ez delako soilik, Kataluniako gizartea hausten duelako baizik”, esan du.

Sanchezen hitzetan, erreferendumean “batzuek bakarrik irabaztea uste dezaketena baino gehiago gal dezakegu guztiok”. Horregatik, lasaitasuna eskatu du, “bizikidetzak irabaz dezan Katalunian”, nabarmendu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)