Kataluniako Erreferenduma
Urkulluk bitartekari lanak egin ditu Kataluniak bizi duen egoeraren harira
Radio Euskadi
Iñigo Urkullu lehendakaria harremanetan egon da azken egunotan Puigdemont eta Rajoyrekin, Kataluniarentzat irtenbide politiko bat bilatu eta elkarrizketaren bidea irekitzeko asmoz.
Iñigo Urkullu lehendakaria idatziz zein telefono bidez izan da harremanetan Rajoy eta Puigdemontekin ostiralera arte, bi agintarien artean elkarrizketaren bidea irekitzeko ahaleginean. Alabaina, ordu batzuk besterik ez dira falta erreferendumerako, eta Moncloaren eta Sant Jaumeren arteko harremanak guztiz etenda daude orain.
Azken hilabete honetan mezu bera behin baino gehiagotan errepikatu du Iñigo Urkulluk. Urriaren 1a iritsi aurretik elkarrizketarako eta harremanak bideratzeko denbora bazegoela berretsi du. Hainbatetan luzatu die eskua bi agintariei; tentsio handieneko egunetan, hauteskunde-kanpainan eta Fiskaltzak Generalitatearen aurkako neurriak hartu dituenean. Kataluniako egoerari irtenbide bat bilatzeko prest daudela erakutsi dute EAJk eta lehendakariak, publikoki zein pribatuan, eta, ahalegin horretan, azken egunotan bi aldeekin harremanetan egon da Urkullu.
Radio Euskadik larunbat goiz honetan aurreratu duenez, Urkulluk eta Puigdemontek telefono bidez hitz egin dute aste honetan. Halaber, lehendakariak Rajoyrekin hitz egin du galdeketa normaltasunez egin ahal izateko eta eraikitako zubiak ez apurtzeko. Bi aldeek ez dute elkarrizketa horien inguruko xehetasunik eman nahi izan. Urkulluk irekitako bide horrek ez du emaitza zehatzik lortu oraindik, baina urriaren 2tik aurrera batak edo besteak bere jarrera aldatu beharko du. Dena dela, Moncloatik berretsi dute urriaren 1etik aurrera Puigdemont eta Junqueras ez direla irtenbide bat bilatzeko balizko bitartekariak izango. Horren aurrean, Urkulluk elkarrizketaren aldeko ahalegina indartuko du bihartik hasita.