Itxi

Kataluniako erreferenduma

Sei epailek Mossoen jarrera ikertuko dute, galdeketa galarazi ez dutelakoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Izapide gehienak ofizioz egin diren arren, herritar batzuek jarritako salaketen harira aztertuko dute Mossoen jokabidea, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako agindua bete ez dutelakoan.

Esquadra Mossoak, Kataluniako hautesleku batean. Argazkia: EFE

Independentziari buruzko erreferendumean egoitza publikoak irekitzeko debekua betetzen dela ziurtatzeko agindu zien Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Esquadra Mossoei. Alabaina, Kataluniako sei epaitegitan izapideak egin dituzte igande honetan, botoa ematea galarazteko beharrezko neurriak hartu ez dituztelakoan.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, sei epailek ikertuko dituzte Mossoen aurkako salaketak, hainbat hauteslekutan erreferenduma galarazteko agindua bete ez dutelakoan.

Bartzelonan, El Vendrell udalerrian (Tarragona), La Seu d'Urgell hirian (Lleida), Cerdanyola del Valles udalerrian (Bartzelona) eta Santa Coloma de Gramenet hirian (Bartzelona) egin dituzte Esquadra Mossoen jokabidea aztertzeko izapideak.

Hauteslekuak ixteko asmoz egindako karga polizial batean Mossoek zauritu dutela salatu du pertsona batek Bartzelonako epaitegi batean.

Beste batek erreferendumean bere datuak erabiltzeagatik aurkeztu du salaketa, eta beste bi lagun Mossoek "legez kanpoko erreferenduma" egiten utzi dutelakoan joan dira epaitegietara.

Albisteak (4)