Itxi

Hitzaldi batean

Katalunia 'elkarrizketa-mahaira' eramateko eskatu dio Urkulluk Rajoyri

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Lehendakariak galdeketa legala galdegin du, Katalunia eta Euskadi nazio bezala aitortzea xede. 'Inor ez da garaile atera' igandean, esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Atzo Katalunian gertaturikoaren aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du kezkatuta eta goibel dagoela; izan ere, Poliziaren jarduna "guztiz neurrigabea" izan zen. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteari eskatu dio Kataluniako gatazka "irteerarik gabeko bidetik elkarrizketa-mahaira" eramateko. Gainera, elkarrizketa-prozesu bat abiatzea eskatu dio, espainiarren, katalanen eta euskaldunen asmoak demokratikoki adostea xede. Lehendakariak Rajoyri eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari helarazi die akordioa eta elkarrizketa bultzatzeko behar hori.

Bilbon izandako hitzaldi batean, Forum Europaren gosari informatibo batean hain zuzen, Urkulluk esan du inor ez dela garaile atera atzo Katalunian. Horren iritziz, "elkarrizketa politikorik ez izateak" ekarri du egoera hau, eta "Kataluniako gizarteak ez du hau merezi", erantsi du.

Halaber, Urkulluk esan du ez duela ulertzen atzo erabilitako estrategia poliziala, eta kezkatuta agertu da horrek "ekarri dituen eta etorkizunean ekarriko dituen ondorioekin".

Elkarrizketa eta negoziazio politikoaren alde

Kataluniako gizarteak eta erakundeek hartutako neurrien aurrean bere errespetua agertu, eta elkarrizketa eta negoziazio politikoaren alde egin du Urkulluk. Horren iritziz, Eskoziako ereduarena da 'biderik egokiena; izan ere, legaltasunaren eta demokraziaren hastapenak uztartzeko erreferentea da.

Lehendakariaren ustez, azken egunotako gertakariek eta gatazka kudeatzeko moduak "irudikatu gabe genituen zenbait muga" urratu dituzte, eta "hitzartutako bideak ahalbidetzeko" deia egin du, gizarteek eta herriek etorkizunaren gaineko euren borondatea adierazi ahal izateko.

Urkulluren iritziz, Euskadiko eta Kataluniako errealitate nazionala ez dago desegiterik zentralismorik gabeko Estatu autonomiko batean; euren etorkizuna "askatasunean eta bermez betetako demokrazian" erabaki nahi duten bi nazio daudela aitortu beharko litzateke, horren ordez.

Egoerak "seriotasuna eta ardura" eskatzen du, lehendakariaren esanetan, eta estatu-ereduak berriro formulatu beharko liratekeela gaineratu du; izan ere, gatazka politikoak elkarrizketa-testuingurua beharko luke, Estatuarekin adostutako galdeketa bat gauzatzea xede.

Albisteak (5)

Bideoak (2)