Kataluniako erreferenduma
Josu Erkoreka: 'Indarkeria sekula ez da positiboa politikan'
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Kataluniako egoera Estatuko lurralde egitura “berriz” diseinatu beharrarekin lotuta dago.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, “indarkeria sekula ez da positiboa politikan”.
Gainera, Jaurlaritzak erakundeen arteko lankidetza mantenduko duela errepikatu du Erkorekak. Zentzu horretan, Exekutibo zentralarekin sinatutako akordioak ez betetzeko hipotesia mahai gainean ez dagoela argi utzi du bozeramaileak.
Gobernu Kontseilua bildu ondoren prentsaurrekoa eman du Erkorekak. Azken egunetan Katalunian gertatutakoari erreferentzia eginez, Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramailearen hitzak bere egin ditu Jaurlaritzako ordezkariak. “Indarkeria sekula ez da positiboa politikan”, adierazi zuen Schinasek. Gainera, Kataluniako eragile ezberdinei elkarrizketari berriro eusteko eskatu zien Europako Batzordeko bozeramaileak.
“Hitzokin bat nator. Bide onean daudela uste dut; izan ere, indarkeria beti alferrikakoa da politikan; indarkeria adierazpenak sobran izan dira, sobran daude eta sobran egongo dira”, berretsi du Erkorekak.
“Arazo politiko” bat da
“Arazo politiko” baten aurrean gaudela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Erkorekaren ahotan, “erantzun politikoa izan behar da”. Bozeramailearen hitzetan, Kataluniako egoera Estatuko lurralde egitura “berriz” diseinatu beharrarekin lotuta dago.
Bestalde, Kataluniako Gobernuak aldebakarreko independentzia adierazpena egiteko aukeraz ez du iritzirik eman nahi izan Erkorekak.