Kataluniako erreferenduma
Erregeak konstituzio ordena bermatzea agindu du, elkarrizketa aipatu gabe
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako agintariak "desleialtasun onartezinarekin" jokatzen ari direla salatu du. Polizia indarkeriaren ondorioz zauritutakoak ez ditu aipatu ere egin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kataluniako egoera “larriaren” aurrean, “Estatuko botere legitimoek konstituzio ordena, zuzenbide Estatua eta Kataluniako autogobernua” bermatu behar dutela ohartarazi du Espainiako erregeak.
Kataluniako “agintariak” Konstituzioa eta Estatutua betetzen ari ez direla ziurtatu du gaur Felipe VI.a Espainiako erregeak. Estatuburuaren hitzetan, Generalitatearen jarrera “arduragabea” eta “desleialtasun onartezina” da.
Zarzuela jauregian grabatutako mezuan, Kataluniako goi-kargudunen jarrera gaitzetsi du erregeak, erreferenduma egin eta bi egun geroago.
“Buruzagi horiek, argi eta garbi, demokraziatik eta zuzenbidetik at kokatu dira”, azpimarratu du agintariak.
Guardia Zibilaren eta Poliziaren kargetan zauritu zituzten pertsonak ez ditu aipatu, eta ez du Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketarik eskatu.
Aitzitik, erregeak esan du Kataluniako agintariek “Zuzenbide Estatuaren printzipio demokratikoak urratu” dituela eta Kataluniako gizartearen “bizikidetza hondatu” duela. “Gaur Kataluniako gizartea zatituta dago eta herritarrak aurrez aurre jarri dituzte”, erantsi du.
“Espainiarrak batzen gaituen elkartasun sentimendua gutxietsi dute agintari horiek eta beren jokabide arduragabearen ondorioz Kataluniaren eta Espainiaren egonkortasun ekonomikoa ere arriskuan jar dezakete”, ohartarazi du.
“Kataluniako erakunde historikoez jabetzeko ahalegin onartezina egin dute, zuzenbideaz eta demokraziaz kanpo”, erantsi du.
Amaitzeko, katalanei eta espainiarrei mezu bana igorri nahi izan die erregeak.
“Espainiak hamarkadak daramatza Estatu demokratiko bat izaten bide konstituzionalak eskaintzen ditu pertsona guztiek beren ideiak legea errespetatuta defenda ditzaten”, esan die Kataluniako herritarrei.
Espainiarrei, berriz, lasaitasunerako mezua igorri die. “Une zailak dira, baina gaindituko ditugu. Oso una konplexuak izaten ari dira, baina aurrera egingo dugu, gure herrialdearengan sinesten dugulako eta garenaz harro gaudelako”, azpimarratu.
Erreakzio politikoak
Iñigo Urkullu lehendakariari "harrigarria" iruditu zaio Felipe VI.aren hitzaldia eta "etsipena eta kezka" ere adierazi du.
"Harrigarria iruditu zait Felipe VI. Jaunaren hitzaldia. Ulertezina. Nire etsipena, kezka eta atsekabea areagotu egin dira", adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezua baten bidez.
¿ Harrigarria iruditu zait Felipe VI. Jaunaren hitzaldia. Ulertezina. Nire etsipena, kezka eta atsekabea areagotu egin dira.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 3 de octubre de 2017
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak "etsipen handia" adierazi du erregearen hitzaldiagatik eta, baieztatu duenez, Felipe VI.ak hitz egin ostean, "Katalunia apur bat urrunago dago".
Ortuzarren esanetan, Estatu espainiarraren agintariek "Kataluniako benetako arazoa ikusi nahi gabe" jarraitzen dute. Felipe VI.ak "ez du hitzik ez mezurik ere izan euren etorkizuna erabaki nahi duten katalanentzat".
Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak Radio Euskadin adierazi duenez, "erregea legetik kanpo kokatu da. Konstituzioak arbitroaren zeregina ematen dio, ez alde batena". Gainera, erantsi duenaren arabera, "Felipe VI.ak gerra-kutsua hartu du. Herri katalanaren aurka ekiteko askatasuna eman dio Gobernuari".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "Felipe VI-ak erregimenaren oinordeko leiala dela argi utzi digu. Atado y bien atado".
Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak positibotzat jo du erregearen adierazpena eta gainerako alderdiei "erantzukizun eta adiskidetasun" mezuarekin bat egitea eskatu die.
Koroa "adiskidetasun, elkarbizitza, legaltasun, eta Espainiaren jarraitasun historikoaren berma izan da" berriz, adierazi du PPren egoitza nagusian.
PSOEren iritzian, erregeak Estatuburu izanda dagokion hitzaldia egin du, espainiarrak lasaitu ditu eta Espainiaren batasuna mantendu egingo duela bermatu die, baina faltan sentitu du elkarrizketarako deia ez egitea.
¿ Valoración de @gomezdcelis del mensaje del Rey ¿ https://t.co/4b2FQdOu7d pic.twitter.com/TCXjx3frNP
— PSOE (@PSOE) 3 de octubre de 2017
Podemosen arabera, erregeak Kataluniako gatazkaren "konponbidearen parte izateko aukera galdu du", bere hitzaldiarekin "Espainia ulertzeko gaitasun eza" erakutsi du, bai ordea, PPrekin duen konpromisoa, baina ez demokraziarekin, Espainiarekin eta Kataluniarekin", alderdiko zuzendaritzak Europa Pressi azaldu diotenez.
"5 milioi espainiar baino gehiago ordezkatzen dituen alderdi baten buru izanda, zera esaten diot bozkatua izan ez den erregeari: ez gure izenean", baieztatu du Pablo Iglesias Podemoseko buruak, Twitterren argitaratutako mezu batean.
Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak ere erregearen hitzaldia txalotu du, "espainiar guztien batasuna bermatzeko" esku hartu behar den honetan.
"Espainiak itxaropena eta lidergoa behar du. Erregeak aurre egin du denon partez", idatzi du alderdi laranjaren buruak Twitterren.