Kataluniako erreferenduma
Hainbat alderdik eta erakunde-ordezkarik hitz egin dute erregearen mezuaz
Agentziak | Erredakzioa
Felipe VI.ak Kataluniako egoera politikoaren gaineko adierazpen ofizial bat egin du bart.
Hainbat alderdik eta erakunde-ordezkarik aztertu dute 2017ko urriaren 1eko erreferendumak Katalunian utzitako egoera politikoaren aurrean Felipe VI.a Espainiako erregeak egindako adierazpena, bai eta horri buruzko iritzia eman ere.
Iñigo Urkullu lehendakariari "harrigarria" iruditu zaio Felipe VI.aren hitzaldia, eta "etsipena eta kezka" ere adierazi du.
"Harrigarria iruditu zait Felipe VI. Jaunaren hitzaldia. Ulertezina. Nire etsipena, kezka eta atsekabea areagotu egin dira", adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez.
¿ Harrigarria iruditu zait Felipe VI. Jaunaren hitzaldia. Ulertezina. Nire etsipena, kezka eta atsekabea areagotu egin dira.
? Iñigo Urkullu (@iurkullu) 3 de octubre de 2017
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak "etsipen handia" agertu du erregearen hitzengatik, eta Felipe VI.ak hitz egin ostean "Katalunia apur bat urrunago dago", esan du.
Ortuzarren esanetan, Espainiako Estatuaren agintariek "Kataluniako benetako arazoa ikusi nahi gabe". Felipe VI.ak "ez du ez hitzik ez mezurik izan euren etorkizuna erabaki nahi duten katalanentzat".
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Radio Euskadin adierazi duenez, "erregea legetik kanpo kokatu da. Konstituzioak arbitroaren zeregina ematen dio, ez alde batena". Gainera, "Felipe VI.ak gerra-kutsua hartu du. Herri katalanaren aurka ekiteko askatasuna eman dio Gobernuari", horren arabera.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "Felipe VI.ak argi utzi du Erregimenaren oinordeko leiala dela. Atado y bien atado".
Radio Euskadin izandako elkarrizketa batean, EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Marian Beitialarrangoitiak esan du diskurtsoak "Katalunian edozein modutan jarduteko parada" ematen duela, eta "elkarrizketari ez diola inolako aukerarik zabaltzen".
Joseba Asiron Iruñeko alkatearen ustez, Felipe VI.aren diskurtsoa "guztiz etsigarria" izan da, eta "akordioa bilatzeko hitzik ez" izatea deitoratu du.
Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak positibotzat jo du erregearen adierazpena, eta gainerako alderdiei "erantzukizun eta adiskidetasun" mezuarekin bat egitea eskatu die.
Koroa "adiskidetasun, elkarbizitza, legaltasun eta Espainiaren jarraitasun historikoaren berme izan da" berriz, adierazi du PPren egoitza nagusian.
Rafael Hernando PPk Kongresuan duen bozeramailearen iritziz, erregearen hitzak "egokiak" dira; izan ere, "Estatuko buruak ez du nahi Espainiak zatitua izatea; Generalitatetik bertatik, baina, batzuek horixe nahiko lukete".
PSOEren iritzian, erregeak estatuburu izanda dagokion hitzaldia egin du, espainiarrak lasaitu ditu eta Espainiaren batasuna mantendu egingo duela bermatu die, baina faltan sentitu du elkarrizketarako deirik ez egitea.
¿ Valoración de @gomezdcelis del mensaje del Rey ¿ https://t.co/4b2FQdOu7d pic.twitter.com/TCXjx3frNP
? PSOE (@PSOE) 3 de octubre de 2017
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Euskadi Irratian adierazi du Felipe VI.ak Konstituzioa eta Kataluniako autogobernua bermatzeko deia egin zuela; hala ere, deitoratu du ez zuela hitz egiteko deirik egin. Mendiaren esanetan, irtenbidea "elkarrizketaren eskutik iritsi beharko da".
Podemosen arabera, erregeak Kataluniako gatazkaren "konponbidearen parte izateko aukera galdu du", bere hitzaldiarekin "Espainia ulertzeko gaitasunik eza" erakutsi du, eta PPrekin duen konpromisoa, baina "ez demokraziarekin, Espainiarekin eta Kataluniarekin", alderdiko zuzendaritzak Europa Pressi azaldu dionez.
"5 milioi espainiar baino gehiago ordezkatzen dituen alderdi baten buru izanda, zera esaten diot bozkatua izan ez den erregeari: ez gure izenean", esan du Pablo Iglesias Podemoseko buruak, Twitterren argitaratutako mezu batean.
Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak ere erregearen hitzaldia txalotu du, "espainiar guztien batasuna bermatzeko" esku hartu behar den honetan.
"Espainiak itxaropena eta lidergoa behar du. Erregeak aurre egin du denon partez", idatzi du alderdi laranjaren buruak Twitterren.
Javier Esparza UPNko presidenteak Eferi esan dionez, erregearen diskurtsoa "beharrezkoa eta egokia" izan zen, "bizi garen unearen larritasuna" kontuan izanik. Horren ustez, diskurtsoa "irmoa" izan zen "konstituzio-ordenaren eta espainiar guztion askakatasunen alde".
Koldo Martinez Geroa Baik Parlamentuan duen bozeramailearen iritziz, erregearen hitzak "oso partzialak" izan ziren, eta ez zuten errespetatu "gizarte katalanaren sentiberatasuna".