Katalunia
Bartzelonako Urak enpresak Madrilera eramango du bere egoitza soziala
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, La Caixa banketxearen Fundazioak azaldu duenez, Palmara eramango du bere egoitza soziala, "egungo egoera aldatzen ez den bitartean".
Bartzelonako Uren (Agbar) Elkarte Nagusiaren administrazio kontseiluak “aldi baterako” bere egoitza soziala Bartzelonatik Madrilera pasatuko du, Katalunia bizitzen ari den egoera politikoagatik.
Erabakia “inbertitzaileen segurtasun juridikoa babesteko asmoarekin” hartu dute, eta ez die “inolaz ere” hainbat operadorek Katalunian ematen duten zerbitzuari eragingo.
Agbarrek aurten 150. urteurrena du, eta Suez Environnement Espainiak du (Suez talde frantsesarena da) % 100eko partaidetza.
Multinazionalak duela bi urte Bartzelonatik Madrilera pasatu zuen helbide fiskala Espainian. Erabakia Kataluniako prozesu subiranoan hartu zuen konpainiak. Garai hartan gai “administratiboengatik eta antolakuntza arlokoengatik bakarrik” izan zela nabarmendu zuen.
La Caixa Fundazioak Palmara eramango du bere egoitza soziala
La Caixa Banketxearen Fundazioak Kataluniatik aterako du bere egoitza soziala, baita CriteriaCaixa gizartearen egoitza ere, "Kataluniako egungo egoera aldatzen ez den bitartean".
Ohar baten bidez Fundazioak jakinarazi duenez, Isidre Fainek zuzentzen duen fundazioaren egoitza sozial berria Palma de Mallorcako Weyler Plazan egongo da, LaCaixa Fundazioaren eta CriteriaCaixaren "interes ekonomikoak eta sozialak eta eguneroko funtzionamendua babesteko asmoz".
La Caixa Fundazioak adierazi duenez, "aldi baterako erabakia da", eta ez dituzte langileak lekuz aldatuko, lan-zentroak normaltasunez aritzen jarraituko baitira.
Atzo CaixaBankek iragarri egin zuen bere egoitza soziala Kataluniatik Valentziara eramango zuela, eta Administrazio Kontseiluak gaur erabaki hori berretsi du.
CriteriaCaixarekin lortutako mozkinekin Ekintza Soziala kudeatzen du La Caixaren Fundazioak. Aurten 510 milioi euroko aurrekontua du, eta ekintza sozialetan, hezkuntzan, kulturan eta ikerketan, besteak beste, inbertitzen du.
Espainiako lehen fundazio pribatua da, eta hirugarrena nazioartean, Bil eta Melinda Gatesek sortutakoaren eta Wellcome Trusten atzetik.
Urtero 50.000 ekimen baino gehiago sustatzen ditu, eta 10,5 milioi pertsona inguruk parte hartzen dute.