Katalunia
Manifestazio jendetsua egin dute Bartzelonan, Espainiaren batasunaren alde
Agentziak | Erredakzioa
Societat Civil Catalana plataformak esan duenez, 950.000 manifestatzaile joan dira, Bartzelonako Udaltzaingoaren hitzetan, aldiz, 350.000 izan dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka pertsona manifestatu dira Bartzelonan, Societat Civil Catalana (SCC) erakundeak deituta, "Nahikoa da! Zentzutasuna berreskuratu dezagun" lelopean, Espainiaren batasunaren alde.
Alex Ramos Societat Civil Catalana plataformako presidenteordeak esan duenez, 950.000 pertsona joan dira manifestaziora, Udaltzaingoak, aldiz, 350.000 izan direla adierazi du.
Urquinaona plazan hasi dute manifestazioa, Laietana bidetik jarraitu eta Marques de Argentera etorbidean amaitu dute, Frantzia geltokiaren aurrean.
Jende artean, Espainiako banderak, senyerak eta Europako batzuk izan dira. Martxa astiro hasi da, 12:00etan, "Puigdemont kartzelara", "Ni espainiarra naiz" eta "Gora Espainia, gora Katalunia eta gora Guadia Zibila" oihu artean. Laietana bidean Poliziaren Buruzagitza Nagusi ondotik pasatzean txalo egin eta "ez zaudete bakarrik" oihu egin dute.
Manifestaziora joan diren pertsonen irudi orokorra. EFE
Martxaren erdialdean pankarta handi bat zabaldu dute, hiru zatitan banatutako bihotz bat zuela, Kataluniako, Espainiako eta Europako banderen koloreekin.
Beste pankarta batzuetan, besteak beste, honako lelo hauek irakurri ahal izan dira: "Espainiaren batasuna ez da bozkatzen, ezta negoziatzen ere! Babestu egiten da", "Kolperik ez", "Guztiok gara Espainia" eta "155 berehala".
Aurrez, 10:00etan, Kataluniaren independentziaren aurkako elkarteek deituta, hainbat pertsona bildu dira Guardia Zibilaren kuartel aurrean, Travessera de Gracian, Espainiako Estatuko segurtasun indarrei urriaren 1eko erreferenduma ekiditeko izandako jokaera eskertzeko.
SCCren manifestuak "marjinazioarekin" amaitzea eskatu du
Martxaren amaieran, Societat Civil Catalanaren manifestua irakurri dute. Nazionalistak ez diren katalanen "marjinazioarekin" amaitzea eskatu dute, baita "kontrontazioarekin", "nahasketarekin" eta "nahigabearekin" ere, U-1aren ostean Kataluniako herria hala bizi dela uste izanda.
"Politiko bat berak ere ez du alde batera utzi behar nazionalistak ez garen katalanak paisaiaren parte garela, eta Kataluniako herria ere bagarela. Amaitu da marjinazioa, gu entzuteko eskubidea dugu, baita kontuan hartzekoa ere", adierazi dute manifestuan.
Testua Alex Ramos SCCko presidenteordeak irakurri du gaztelaniaz, eta "sen ona" izateko deia egin du. Halaber, "prozesuari amaiera jartzeko nahi irmoa" nabarmendu du, eta prozesuak katalanak "konfrontazioan, nahasketan, nahigabean eta etsipenean sartu" dituela esan du.
"Duela urte askotatik ohartarazten ari garen prozesu independentistak ikusgaitasun handiena lortu du: nazionalistak amildegi ertzera iritsi dira, eta orain Kataluniako gizartea amildegira bota nahi dute", gaineratu du. Manifestua idatzi dutenek prozesu honen bultzatzaileei "eskubide eta askatasun sistema haustea" leporatu diete, baita "erakundeak haien helburuen zerbitzura jartzea" eta "bizikidetza puskatzea" ere.
Vargas Llosaren hitzaldia
Bestalde, Mario Vargas idazleak eta Llosa Literatura Nobel Sariak esan duenez, Espainiako demokrazia "geratzeko dago hemen, eta konjurazio independentista bat berak ere ez du suntsituko".
Manifestazioa amaitzean egin ditu adierazpenok, eta nazionalismoak, "Europako, munduko eta Espainiako historia gerraz, odolez eta gorpuz bete dituela" esan du. "Espainia askatasun eta legezkotasunaren errealitatea da. Hau independentismoak ez du suntsituko", azaldu du idazleak.
"Independentismoaren hondamena gelditze gaude hemen (…) eta horregatik milaka katalan atera dira gaur kalera, traidoreak ez direla uste duten demokratak dira, kontrakoa etsaia ez dela uste duten katalanak dira, demokrazian sinesten dutenak, askatasunean, Zuzenbide Estatuan, Konstituzioan", nabarmendu du Literatura Nobel Sariak.
Peruko idazleak honako hau gaineratu du: "Espainiako edozein lekutatik etorri diren gizonezkoak eta emakumezkoak ditugu hemen, baita Perutik ere etorri direnak, katalanei bakarrik ez daudela esatera, eurekin gaudela, askatasunaren aldeko borroka irabaziko dugula".
Borrellek Puigdemonti: "Ez bultzatu herria amildegira"
Josep Borrel Europako Parlamentuko ministro ohia eta presidente ohiak esan duenez, "Katalunia ez da kolonia bat", ezta "militarki okupatutako Estatua ere". Halaber, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari "herria amildegira ez eramateko" eskatu dio.
Manifestazioa amaitzean, Borrellek esan du Katalunia "une benetan lazgarriak" bizitzen ari dela, eta Puigdemonti "oso kontuz" ibiltzeko eskatu dio.
Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan agerraldia egiteko bi egun falta direnean ohartarazi du "aldebakarreko independentzia deklaratuz gero, herrialde pikutara" joango dela.
Borrellek, Europako bandera bat eskuan duela, "hau da gure estelada" esan du, eta "lasaitasunera eta arrazoira jotzeko" deia egin du, haren ustez, "herrialde honetan bizikidetza hautsita" dagoelako, "eta berriro eraiki behar delako, enfrentamendu zibil batera iristea ekiditeko".
PP, Ciudadanos eta PSCko politikoak
Manifestazioko buru, besteak beste, Dolors Montserrat, Xavier Garcia Albiol eta Andrea Levy (PP); eta Albert Rivera eta Ines Arrimadas (Ciudadanos) izan dira.
Honako hauek ere bertan izan dira: Enric Millo (Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria), Mario Vargas Llosa idazlea, Josep Borrell Europako Parlamentuko presidente ohia (PSC), Mariano Goma (SCCko presidentea), Carlos Jimenez Villarejo fiskal ohia, eta Cristina Cifuentes eta Javier Arenas PPko ordezkariak ere. PSCko hainbat kide ere bertan dira, tartean Salvador Illa eta Celestino Corbacho.
Manifestazioaren aurrekaldea. EFE
Cristina Cifuentes Madrilgo komunitateko presidenteak Katalunian urriaren 1ean izandako erreferendumak "demokraziari egindako kolpea batera" gainditzeko eskaera egin du.
"Demokraziaren, Konstituzioaren eta askatasunaren alde. Espainiaren batasuna babestuko dugu", idatzi die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Bartzelonan bildu direnei, Twitterreko kontuan.
#RecuperemElSeny en defensa de la democracia, la Constitución y la libertad. Preservaremos la unidad de #España, #NoEstáisSolos. MR
— Mariano Rajoy Brey (@marianorajoy) 8 de octubre de 2017
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Carles Puigdemont Generalitateari, Oriol Junqueras presidenteordeari eta CUPi "espainiar guztiak batzea" eskertu die, eta "hautetsontziak" eskatu ditu, hauteskunde autonomikoetan bozkatu ahal izateko.
Salvador Illa PSCko Antolakuntza idazkariak "zentzutasuna"ren, "Zuzenbide Estatuaren errespetua"ren eta "elkarrizketa"ren alde egin du. Halaber "Kataluniaren eta Espainiaren arteko itun berri bat" negoziatzea babestu du.
Jose Domingo Societat Civil Catalanako presidenteordeak Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari independentzia deklaratzeko "zentzugabekeria eta probokazioa" ez egiteko eskatu dio, eta "zentzutasuna berreskuratzeko" deia egin du.