Itxi

INKESTA

EAEko gizarteak Kataluniako eredua atsegin du, baina ez luke aplikatuko

eitb.eus

Kataluniako prozesuaren, urriaren 1aren eta bere ondorioen inguruan galdetu die EiTB Focus inkestaren zazpigarren edizioak EAEko herritarrei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAEko gizarteak Kataluniako eredua atsegin du, baina ez luke Euskadin aplikatuko, Gizakerrek Euskal Irrati Telebistarentzat egindako EiTB Focus inkestaren arabera.

Inkesta urriaren 2tik 4ra bitartean egin zuten telefono bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko 1.200 pertsona elkarrizketatu zituzten: lurralde historiko bakoitzeko, 400.

Elkarrizketatuen % 62,9k ez lukete Kataluniako eredua Euskadin aplikatuko; % 21,6k, aldiz, bai.

Inkestako emaitzen arabera, EAEko gizartearen gehiengoak burujabetza handiagoa nahi du: % 43,5ek, autogobernu zabalagoa, eta % 22,6k, independentzia.

Subiranotasun handiagoa nahi dutenen artean, % 60,1ek Estatuarekin ituna adostu nahi dute, eta ia % 25 hausturaren aldekoak dira.

Kataluniari dagokionez, Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma bertan behera uzteko emandako agindua ez obeditzea babesten dute euskal herritarren ia erdiak.

Erreferendumaren parte-hartzeak kataluniarren borondatea islatzen ez duela uste dute galdetutakoen % 44k. % 32k, ostera, kontrakoa uste dute.

EAEko herritarren % 60k puntuaziorik txarrena jarri diote Espainiako erregearen jokaerari: 0 puntu.

EAEko herritarren arabera, Espainiako Gobernuak ez du azterketa gainditu, 1,5eko nota jarri baitiote.

Kataluniako Gobernuak nota hobea lortu du, baina ez du gainditu: 4,3ko nota jarri diote.

EAEko herritarren ustez, Estatu mailako alderdi guztiek huts egin dute Katalunian.

Estatuko segurtasun indarrek urriaren 1ean izan zuten jokabidea neurrigabetzat jo dute herritarren ia % 80k.

Kataluniako herriaren mobilizazioak 7,3ko nota merezi duela uste dute EAEko herritarrek.

Fitxa teknikoa

Lagina: EAEn bizi diren 1.200 pertsona (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

Lagin-akatsa ±2,83koa da, % 95eko konfiantza mailarekin (p=q=0'5, datu orokorretarako).

Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina da.

Inkesten % 23,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76,9a, gaztelaniaz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak.

Landa-lana 2017ko urriaren 2tik 4ra egin zen telefono bidezko elkarrizketak eginez.

Inkestek, batez beste, 10,2 minutu iraun zuten; motzenak 7 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 25 minutu.

Albisteak (1)

Bideoak (1)