Katalunia
Generalitatea Mossoekin babesten da epailearen aurrean, dio Guardia Zibilak
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak sedizioa leporatuta ikertu dituzten politikarien gaineko txostena bidali dio Carmen Lamela epaileari. Entzunketak ere egin dituzte txostena osatzeko.
"Autonomia erkidegoko polizia babes eta segurtasun lanak egiteko erabiltzea, ez legea urratu dezaketen besteen aurka, baizik eta epaile baten lanaren edo Poliziaren ikerketa baten aurka" erabiltzea egotzi dio Guardia Zibilak Generalitateari.
Gainera, Pere Soler Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak "kontrako zaintzak" egiten ditu Generalitateko kideak eta urriaren 1eko erreferendumaren antolatzaileak "babesteko", Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo arren, Guardia Zibilaren arabera.
Horiek dira Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileari igorritako txostenean agertzen diren batzuk, Europa Pressek dioenez. Txostena osatzeko, Bartzelonako 13 zenbakiko Epaitegiak baimendutako entzunketak ere jaso dituzte. Horietako batean, irailaren 29koan, Francesc Sutruas Ogasunaren Idazkaritzako Ondasun zuzendariak "bere bulegoan, autoan eta etxean lasai egon behar duela" esaten dio Pere Solerri.
"Agerikoa da", dio Guardia Zibilak, "aginduak Josep Lluis Trapero buruzagiaren bidez ematen direla". "Kataluniako Gobernuko kideak babesteko" helburuarekin, Bartzelonako 13 zenbakiko Epaitegiak irailaren 20an ikertu zituen pertsonek "delinkuentzia antolatuaren moduan" jokatu zuten, beti ere txostenaren arabera.
Horretarako, ikertzeko zailak diren sistemak erabili zituzten, esterako, WhatsApp eta Telegram, eta "elkarrizketa surrealistak" izaten zituzten, Poliziaren lana oztopatzeko. "Horrek erakusten du Poliziaren ikertzeko teknikak ezagutzen dituztela".
Gainera, U-1eko erreferendumaren antolatzaileei Guardia Zibila eta Polizia Nazionalaren mugimenduak kontrolpean izateko "informazio sistema bat prestatzea" leporatu die, horrela, "hauteslekuetan poliziak sartzea eta hautetsontziak atzematea galarazteko erresistentzia egokitzeko".
Hori dela eta, leku batzuetan "barrikadak egin zituzten eta, bestetan, zaharrak eta umeak jarri zituzten lehen lerroan agenteek atzera egin zezaten", Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalera igorritako txostenak dioenez, Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen burua, eta Jordi Sanchez eta Jordi Cruixart Omnium Culturaleko presidenteak, hurrenez hurren, sedizioa leporatuta ikertzen ari diren auziaren baitan.
Bartzelonako Epaitegiak baimenduta, Guardia Zibilak U-1eko antolakuntzaren egituran kokatzen dituen sei goi-karduguni egindako entzunketak bidali dizkio Auzitegi Nazionalari.
Hauek dira kargudunak: Santiago Vildal ERCren senatari ohia; Carles Vivier Pi-Sunyer Presidentetzako Autogobernuaren Ikerketa Institutuko zuzendaria; Josep Maria Jove Ekonomiako Presidenteordetzaren idazkari nagusia; Frantcesc Sutrias Ogasuneko Idazkaritzaren Ondasun zuzendaria; Natalia Garriga Ekonomia Zerbitzuetako zuzendaria; Joan Manel Gomez Komunikazioen Teknologia teknikaria eta Josep Masoliver Puig Puntcat Fundazioaren arduraduna.