Itxi

Bakea eta normalizazioa

Ipar Euskal Herriko eredua EAEn eta Nafarroan ezarri nahi du Foro Sozialak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Presoen auziari irtenbidea emateko asmoz Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako hautetsiak akordioetara heltzeko egiten ari diren ahalegina azpimarratu du Foro Sozialak.

Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozialaren bozeramaileak. Argazkia: EFE

Gatazkaren ondorioak konpontzeko bidean, instituzioak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Elkargoa), preso eta iheslarien kolektiboak eta gizarte zibila elkarlanean jarri nahi ditu Foro Sozialak.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian adostasun zabaletara heltzeko erabiltzen ari diren "eredu arrakastatsua" Hego Euskal Herrira zabaltzea eskatu du; izan ere, espetxe politika aldarazteko eta presoen auziari irtenbidea emateko akordioetara iritsi dira "kolore ezberdinetako hautetsiak" Ipar Euskal Herrian.

Nekane Altzalai eta Teresa Toda bozeramaileek gaur Donostian egindako agerraldian jakinarazi dutenez, Foro Soziala lanean ari da, "alderdi politiko eta sindikatuen arteko elkarrizketa bultzatzeko baldintzak sortzen, presoen auziaren inguruko akordioa ahalik eta zabalena izan dadin".

Egun, 316 euskal preso daude. Horietako 68 Frantziako Estatuko espetxeetan daude preso.

Testuinguru honetan, Bakearen Artisauak eta Bake Bidea Ipar Euskal Herriko erakundeekin, hautetsiekin eta gizarte zibilarekin egiten ari diren lan goraipatu du, eta abenduaren 9an Parisen deitu duten manifestazioak "kartzela-politika aldatzea" ekar dezakeela erantsi du.

Horrez gain, euskal presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak bertan behera uztea, Euskal Herritik hurbil dauden espetxeetara ekartzea eta gaitz larriak dituzten presoak eta zigorraren zatirik handiena beteta duten presoak aske uztea eskatu du Foro Sozialak.

Bestalde, Ipar Euskal Herriak joan den irailaren 23an onartutako ebazpenaren garrantzia azpimarratu du. Adierazpena Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoak proposatu zuen eta presoen auziari heltzeko dei egiten du.

Albisteak (9)