Itxi

Kataluniako Erreferenduma

Poliziaren eta Guardia Zibilaren jarduteko modua salatu dute Mossoek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Urriaren 1ean, poliziek eta guardia zibilek abisurik eman gabe jardun zuten, koordinazio bileretan mossoek eskatuta soilik esku hartuko zutela adostu bazuten ere.

Poliziak herritarren kontra, urriaren 1ean, Bartzelonan. Argazkia: EFE

Esquadra Mossoek Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira jo dute, joan den urriaren 1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak jakinarazpenik eman gabe jardun zutela salatzeko.

Poliziak eta guardia zibilak adostu ez bezala aritu zirela eta horren ondorioz koordinazio sistemak huts egin zuela kritikatu dute.

Hala adierazi dute erreferenduma deitzeagatik Kataluniako Gobernua ikertzen ari den epaileari igorritako txostenean. Horrez gain, mossoek 400 hautestontzi baino gehiago konfiskatu zituztela eta 446 hauteslekutan bozkatzea galarazi zutela azpimarratu dute dokumentuan.

Mossoek azaldu dutenez, urriaren 1ean ezarri beharreko dispositiboa koordinatzeko bileretan adostu zuten Kataluniako Poliziak eskatuta soilik eskatuta esku hartuko zutela Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Dispositibo hura Espainiako Barne Ministerioak zuzendu zuen.

Igande hartan, 09:15ean, mossoek guardia zibilen eta Espainiako polizien laguntza eskatu zuten, mobilizazioen ondorioz hautesleku batzuk itxi ezin zituztela ikusita.

Alabaina, ordurako Guardia Zibila eta Espainiako Polizia esku hartzen ari zela salatu dute, "guk eskatu aurretik eta ezer jakinarazi gabe".

"Adostu ez genuen modu batean aritu ziren egun osoan eta, horrenbestez, ezarritako sistema ez zen eraginkorra izan", dio Mossoen txostenak.

Albisteak (6)