Katalunia
CUPek Puigdemonten gutuna kritikatu du
Agentziak | Erredazioa
Alderdi antikapitalistak 'errepublika aldarrikatzeko' eskatu dio beste behin Generalitateko presidenteari. ERCk, berriz, Puigdemonten estrategia babestu du.
CUPi ez zaio gustatu gaur Puigdemontek Rajoyri bidalitako gutuna: "Guk oso eskutitz ezberdina egingo genuke", esan du Mireia Boya alderdi antikapitalistak Kataluniako Parlamentuan duen diputatuak. Horren hitzetan, "errepublika aldarrikatu" beharko luke Generalitateak, luzamendutan ibili barik.
Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan Boyak nabarmendu duenez, independentzia berehala aldarrikatzea da Espainiako Gobernua elkarrizketarako prest egoteko "modu bakarra". "Dena negoziatu behar da, beti, baina subjektu politiko moduan aitortzen gaituztenean, errepublika behin aldarrikatu ostean", azaldu du.
Boyaren esanetan, CUPek ez zuen gutunaren edukia ezagutzen, ez baitiote galdetu ere egin: "CUPek seriotasun nahikoa agertu du tamaina honetako erantzun baten berri emateko".
Adierazi duenez, CUPeko kideak ez dira Puigdemontekin bildu astearteko bilkuratik. Junts Pel Si alderdiko eta Gobernuko kideekin "bilerak" egin dituztela aitortu du, baina gutunaren "lerro nagusiez" baino ez dute hitz egin. "Dena oso itxia izan da", kritikatu du Boyak.
CUPeko ordezkariak argitu du euren taldeak "errepublika aldarrikatzeko" bilkura bat egitea proposatuko du.
ERCk, berriz, Puigdemonten estrategia babestu du
Bestelako tonu batean mintzatu da Marta Rovira ERCko idazkari nagusia. Nabarmendu duenez, Puigdemontek bidalitako gutunaren "estrategia eta edukia" babesten du bere alderdiak, elkarrizketa eta negoziazioaren alde dauden neurrian.
TV3 telebista kateari egindako elkarrizketan, Puigdemontek ezarritako epea (bi hilabete) egokia dela esan du Rovirak, eta presidenteak negoziazio bidea "lehenetsi" izana txalotu du.
"Nazioartetik lasterbiderik ez hartzeko erregua heldu zaigu, elkarrizketari epe bat utzi behar diogula esan digute. Espero dut epe horretan Espainiako Gobernuak keinu argiak egitea", adierazi du, eta adibidea jarri du: "Ideia politikoak defendatzeagatik jasaten ari garen mehatxu etengabea geldiarazi beharko luke".
Horrez gain, "Fiskaltzari orain arte emandako agindua aldatzea eta horrek egia ez diren txostenak egiteari uztea" espero du Rovirak. ERCko buruzagiaren ustez, "jazarpen politiko argia dago gure kontra".
Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluari bide ematea erabakiko balu, "legez kontra" arituko litzatekeela ohartarazi du Rovirak, "autonomia estatutua guztiz baliogabetuta".
baliogabetuta".