Katalunia
Elkarrizketa edo 'errepresioa' aukeratzeko eskatu dio Turullek Rajoyri
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Turull Presidentziako kontseilariak jakitera eman duenez, Kataluniako Gobernuak ez du "amore emango" prozesu soberanistaren aldeko borrokan.
Jordi Turull Presidentziako kontseilariak gaur jakitera eman duenez, Kataluniak ez du "amore emango" mugimendu soberanistaren aldeko borrokan. Hori dela eta, "berba egitera esertzeko" edo "errepresio gehiagoren aldeko" bidea aukeratzeko eskatu dio Mariano Rayoyri.
ANCko presidentearen eta Omniumeko buruaren espetxeratzearen harira, Turullek esan du "Espainiako Estatuaren lotsaizun demokratikoaren beste adibide bat" baino ez dela: "Ordena Publiko frankistatik oinordetzan hartutako aginpiderik gabeko auzitegi batek hartutako erabakiaren ondorioz bi preso politiko daude XXI. mendean", adierazi du.
Puigdemontek egindako independentzia aldarrikapenaren harira, azalpenak emateko Rajoyk emandako epe berria bukatzeko bi egun falta direnean, Kataluniako Gobernua elkarrizketaren bidetik "mugituko ez dela" esan Turullek; eta, ildo horretan, "berba egitera eseri nahi duen edo ez" galdetuko diote berriro Espainiako Gobernuari.
"Besteak ez badu nahi"
Turullen hitzetan, nahiz eta Generalitatea saiatu, “besteak ez badu nahi” elkarrizketa ezinezkoa da, “ondorioz, Estatuaren neurrien arabera erabakiak hartu beharko ditugu”, herritarren “konpromisoarekin eraginkorragoak” izateko.
“Amore ematea Generalitatearen aukeren artean” ez dagoela argi utzi nahi izan du Kataluniako Exekutiboaren bozeramaileak, U-1eko emaitzekin “konpromisoa erabatekoa” delako.
“Amore emateko agertokia planteatzen ari baldin badira, alde batera utzi beharko lukete. Herritarren agindua oso argi dugu”, nabarmendu du.
“Estatua elkarrizketa eta zubiak dinamitatzen ari da. Elkarrizketa eskaintzari ostegunean berriro nola erantzuten dioten ikusi behar, elkarrizketa behin betiko dinamitatzen ote duten jakiteko”, ohartarazi du.
Konstituzionalaren erabakiaren berri, prentsaurrekoan zehar
Bestalde, urriaren 1eko erreferendumaren “agindu politikoa” betetzea defendatu du Turullek, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak erreferendum legea baliogabe utzi.
“Erreferendumeko erabakia bete behar dugun agindu politikoa da”, adierazi du. Gobernu zentrala kritikatu du, “Auzitegi Konstituzionalaren laguntzaz gehiegi baliatzen ari delako”. Kataluniako gatazka politikoa legeak auzitara eramanaz ez dela konponduko gogorarazi dio Espainiako Exekutiboari, elkarrizketaren bidez baizik.
Desobedientziaz hitz egitea saihestu du Generalitateko bozeramaileak, baina Kataluniako Gobernuak “Parlamentuko legeei beti jaramon” egingo diela azpimarratu du, nahiz eta Konstituzionalaren erabakien aurkakoak izan.
Konstituzionalaren ebazpenaren berri prentsaurrekoan zehar izan du Turullek. Horregatik, balorazio sakonagoa egin baino lehen irakurtzeko denbora eskatu du, baina Auzitegiaren azkartasunari buruz ironiaz hitz egin du; izan ere, legea irailaren 8an onartu zuten: “Ze azkar, ez?”.
“Ezin izan dugu irakurri, baina ez gaitu harritzen. Auzitegia gehiegi erabiltzen ari dira. Erreferendum bat egitea ez da delitua, eta Kongresuak hala erabaki zuen”, gaineratu du.