Bake prozesua
ETA desmobilizatzea ezinbestekotzat jo du Foro Sozialak
Agentziak | Erredakzioa
Horrez gain, ETAk nahiz gobernuek iraganari buruzko "irakurketa kritikoa" egitea beharrezkoa dela esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herrian bake prozesua bultzatzeko Foro Sozial Iraunkorrak uste du erabakigarria dela ETAk datozen hilabeteetan amaitzea bere desmobilizazio prozesua.
Era berean, beharrezkotzat jo du ETAk nahiz gobernuek iraganean gertatutakoari buruzko "irakurketa kritikoa" egitea. Bi gai horiek izango dira Foro Sozialaren helburu nagusiak kurtso politiko berrian, biktima guztien errekonozimenduarekin eta preso eta iheslarien gizarteratzearekin batera.
Aieteko Adierazpenaren seigarren urteurrena dela eta, Foro Sozialak bilera egin du Donostian eta han izan dira, besteak beste, Brian Currin eta Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko ordezkariak.
Horiez gain, Eneko Goia Donostiako alkatea eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak izan dira Aieteko Jauregian, hala nola, Joseba Egibar (EAJ) , Arnaldo Otegi (EH Bildu), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Ahal Dugu) eta Arantza Gonzalez (Ezker Anitza-IU).
Adolfo 'Txiki' Muñoz eta Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiak eta CCOO sindikatuko ordezkariak ere han izan dira.
(Lander Martinez, Arnaldo Otegi eta Joseba Egibar. Argazkia: EFE)
Bilerak, erronkak aztertzeko
Agus Hernan eta Neaken Alzelai Foro Sozialaren bozeramaileak datozen hilabeteotako erronka nagusiak zeintzuk izango diren azaldu dute.
Helburu horietan artean, ETAren desmobilizazioa aipatu dute. Nazio Batuen Erakundeak gatazkak konpontzeko eskemaren baitan erabiltzen da kontzeptu hori: Armagabetzea, Desmobilizazioa, Gizarteratzea.
NBEren hitzetan, "indar eta talde armatuetako ekintzaile aktiboek modu kontrolatuan baja hartzeari eta gizarteratzeari esaten zaio desmobilizazioa".
Foro Sozialaren arabera, ETAren "egitura militar guztiak desegitea" eta bere militante guztiak "gizarteratzea" ahalbidetuko du desmobilizazio prozesuak.
Brian Currinek ere izan du hizpide gai hori, desmobilizazioaren garrantzia berretsi du eta bake prozesuetan eman beharreko "urratsik zailenetakoa" dela ohartarazi du.
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bilerak egingo ditu asteon gizarte zibilaren eta alderdi politikoen ordezkariekin, datozen erronka nagusiak (ETAren desmobilizazioa, ETAko kideen gizarteratzea eta presoen kaleratzea eta gizarteratzea) aztertzeko.