Itxi

EITB FOCUS

EAJ berriro garaile, babes handiagoa lortuta; EH Bilduk ere, gora

EITB.EUS

PSE-EEk eserleku kopuruari eutsiko lioke; Elkarrekin Podemosek eta PPk, aldiz, babesa galduko lukete, boto portzentajeari zein ordezkari kopuruari dagokienez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

¿ EiTB Focusen azken galdeketaren arabera, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) berriro irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak, babes handiagoa lortuta, gainera. EH Bilduk ere gora egingo luke.

EiTB taldearentzat egindako azken makroinkestaren zazpigarren ale hau urriaren 2tik 4ra egin zuen Gizaker enpresak, 1.200 pertsonari galdetuta —400na Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—.

EAJk botoen ia % 40 eta 30 ordezkari eskuratuko lituzke, 2016ko hauteskunde autonomikoetan baino bi gehiago. EH Bilduk ere gora egingo luke, 18 eserleku izatetik 19 izatera igarota (botoen % 23,4).

Elkarrekin Podemosek, aldiz, hiru puntu galduko lituzke boto-asmoari dagokionez, eta ordezkari bat gutxiago edukiko luke (10 legebiltzarkiderekin geratuko litzateke). PSE-EEk gaur egun dituen bederatzi eserlekuei eutsiko lieke, botoen % 12,6 lortuta. Nolanahi ere, Alderdi Popularrak izango luke galera handiena, bi legebiltzarkide gutxiagorekin geratuko bailitzateke.

Emaitzok ikusita, jeltzaleen eta sozialisten koalizioak 39 eserleku edukiko lituzke (gehiengo osoa). Abstentzioa % 40 ingurukoa izango litzateke, inkestaren arabera.

Araban, EAJ izango litzateke lehen indar, zortzi legebiltzarkide eta botoen % 31 eskuratuta (2016ko hauteskundeetan baino hiru puntu gehiago). EH Bilduk ere lau puntu egingo lituzke gora, ordezkari bat irabazita —sei izango lituzke—.  PPk hirugarren indar izaten jarraituko luke, baina hiru puntuko eta ordezkari bateko galera edukita. Boto-asmoan behera egingo luketen arren, egun duten ordezkaritzari eutsiko liokete Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk: lau eta hiru legebiltzarkide, hurrenez hurren.

EAJri 12 jarleku (botoen % 44) aurreikusi lizkioke EiTB Focus inkestak Bizkaian, duela urtebete eskuratutakoak baino bat gehiago. EH Bildu izango litzateke bigarren indar, bost legebiltzarkiderekin. Elkarrekin Podemosek atzera egingo luke, ordezkari bat galduta (EAJren mesedetan) eta PSE-EErekin eserleku kopuruan berdinduta —hiruna—.  PPk dituen bi legebiltzarkideak mantenduko lituzke.

Gipuzkoari dagokionez, EAJk jasotako babesa handituko luke, ordezkari bat irabazita (botoen % 36,4). Alderdi Popularrak pairatuko luke galera hori, legebiltzarkide bakarrarekin geratuta (botoen % 7). EH Bilduk bigarren indar izaten jarraituko luke, zortzi eserleku eta botoen % 30 erdietsita. Atzerago, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos —hiruna ordezkari—.

Euskal herritarrek buruzagi politikoez duten iritzia edo balorazioak behera egingo luke urriko inkesta honetan, betiere aurreko EiTB Focusarekin alderatuta.

Babesa galduko luke, era berean, EAJ-PSEren koalizioak, baina herritarren aprobatua jasotzen jarraituko luke.

Duela urtebete eta erdi ekin zion EiTBk Focus makroinkesta egiteari. Ordudanik, boto-asmoaren eta aktualitatearekin lotutako hainbat gairen inguruan galdetu diete herritarrei. Zazpigarren ale horretako lehen atalean, urriaren 9koan, Kataluniako auziari buruz itaundu zuen EiTB Focusek.

Fitxa teknikoa

Ikerketa egiteko EAEko 1.200 bizilagun elkarrizketatu dituzte (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

Lagin-akatsa ±2,83koa da, % 95eko konfiantza mailarekin (p=q=0'5, datu orokorretarako).

Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina da.

Inkesten % 23,1 euskaraz egin dira eta gainerako % 76,9a gaztelaniaz. Emaitzak herrietako biztanle kopuruaren arabera haztatu dira.

Elkarrizketak 2017ko urriaren 2tik 4ra bitartean egin ziren, telefonoz.

Inkesta bakoitza erantzuteko erabili den bataz besteko iraupena 10,2 minutukoa izan da; inkesta laburrena 7 minutukoa izan da, eta luzeena, 25 minutukoa.

 

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)