AUZITEGI NAZIONALA
Fiskaltzak ez du Traperoren askatasunaren aurkako helegitea aurkeztuko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala ere, Ministerio Publikoak ez du baztertu Esquadra Mossoen burua espetxeratzeko eskatzea, haren kontrako ikerketa zabaltzen bada.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez du Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruaren behin-behineko askatasunaren aurkako helegitea aurkeztuko. Hala ere, ez du baztertu Trapero espetxeratzeko eskatzea, sedizioa leporatuta haren kontra irekitako ikerketan urriaren 1eko gertaerak ere aztertzen badira.
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko burua espetxera bidali zituen astelehenean Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak, fidantzarik gabe, urriaren 1eko erreferenduma saihesteko operazioa egiten ari ziren guardia zibilen aurka elkarretaratzeak bultzatzea egotzita.
Fiskaltzako iturriek asteartean iragarri zutenez, Traperoren kontrako ikerketan urriaren 1eko gertaerak ere gehitzea eskatuko du Ministerio Publikoak, lehen salaketa zabaltzea eskatuta edota txosten berri bat aurkeztuta.
Ministerio Publikoaren esanetan, "kautelazko neurri guztiak behin-behinekoak direlako" eta horiek etorkizunean berrikus daitezkeelako hartu du Carmen Lamela epailearen autoa ez errekurritzeko erabakia. Hori dela eta, ikerketa zabaldu edo izapide berriak gehituz gero, bestelako neurriak eskatzea aztertuko duela gaineratu du Fiskaltzak.
Bestalde, Traperoren kontrako kautelazko neurriak zehazten dituen 4. Instrukzio Epaitegi Nagusiaren autoaren jakinarazpen ofiziala eskatuko dio Fiskaltzak Generalitateko Barne Kontseilaritzari. Hauek dira Traperori ezarritako kautelazko neurriak: 15 egunean behin sinatu beharko du epaitegi batean, pasaportea kendu diote eta Espainiatik ateratzeko debekua ezarri.