Itxi

Goi-bilera Bruselan

EBk Espainiari erabateko babesa eman dio eta Katalunia bakarrik utzi du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Indarkeriaren erabilera gaitzetsi eta Zuzenbidezko Estatuarenganako errespetua eta elkarrizketa eskatu ditu Charles Michel Belgikako lehen ministroak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Argazkia: EFE

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Europako buruzagien babesa jaso du gaur Bruselan, besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Espainiaren alde agertu dira.

Bruselan egiten ari diren goi-bilerara heldu direnean, Espainiako Konstituzioari eta Zuzenbidezko Estatuari errespetua zor zaizkiela aldarrikatu dute bi agintariek, Kataluniako gatazkari erreferentzia eginez.

“Arriskuei aurre egin behar dieten Estatu kideei elkartasuna adierazteko Kontseilua izango da, Espainiari elkartasuna adierazteko, alegia”, esan du Macronek.

Krisi politikoari konponbide bat emateko Konstituzioaren muga jarri du Merkelek: “Espainiako Konstituzioaren barruan irtenbide bat aurkitzea espero dugu”. “Adi gaude eta Espainiako Gobernuaren jarrera babesten dugu”, erantsi du.

Aldebakarreko independentzia aldarrikapena Europar Batasuneko “inork” aintzat hartuko ez duela berretsi du Antonio Tajani Europako Parlamentuaren presidenteak, Espainiako Konstituzioaren eta EBko zuzenbidearen aurkakoa delako.

Katalunia ez dago gai-zerrendan

Kataluniako egoera ez dago goi-bileraren gai-zerrendan, baina Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak barneratu dezake, Rajoyk hala eskatzen baldin badu. Hala ere, orain arte ez da halakorik gertatu, EBko iturrien arabera.

Bestalde, Espainia “herrialde laguna” dela adierazi du Charles Michel Belgikako lehen ministroak. “Krisi” diplomatikorik ez dagoela azaldu du. Indarkeriaren erabilera gaitzetsi eta Zuzenbidezko Estatuarenganako errespetua eta elkarrizketa eskatu ditu Michelek.

Mark Rutte Herbeheretako lehen ministroaren hitzetan, Kataluniako krisia Espainiaren “barne arazo” bat da. Espainiako Gobernua Auzitegi Konstituzionalak erabakitakoa aplikatzen ari dela azaldu du Ruttek.

Miro Cerar Esloveniako lehen ministroaren ahotan, bere herrialdearen ibilbideak eta Kataluniako kasuak ez dute zerikusirik. Esloveniak 1991ean independentzia lortu zuen. Auzi "guztiz ezberdinak" dira, “desberdintasun handiekin”, errepikatu du.

Forcadellek EBren esku-hartzea eskatu du

Bestalde, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak Europar Batasunaren esku-hartzea eskatu du Espainiako Gobernua Katalunian egiten ari den eskubide urraketaren aurrean: "Europak jada ezin du beste aldera begiratu".

"Europar Batasuneko kide den Estatu bat oinarrizko eskubideak etengabe urratzen ari da; Europako instituzioak noiz arte egongo dira zain?", galdetu du 'Frankfurter Allgemeine Zeitung' egunkariaren webgunean argitaratutako artikulu batean.

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak "preso politikoak" direla salatu eta Katalunian bizi den egoera Espainiaren baitako arazotzat hartzea onartezina dela esan du.

Urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak izandako jokabidea "Espainiako Estatuaren opresioaren erakusgarri" dela dio.

"Europar Batasuneko Itunean jasotako oinarrizko eskubideak ari da urratzen Espainia eta Europako erakundeen ardura da eskubide horiek bermatzea", gogoratu du Forcadellek.

du Forcadellek.

Albisteak (3)