Auzitegi Nazionala
Trapero, Laplana, Sanchez eta Cuixarten deiak ikertzeko eskatu du epaileak
Agentziak | Erredakzioa
Lau ikertuen telefono zenbakiak identifikatzeko eta irailaren 15etik urriaren 2ra arte egindako deien eta mezuen zerrenda jakitera emateko eskatu die Lamelak konpainiei.
Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagiak, Teresa Laplana intendenteak, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak irailaren 15etik urriaren 2ra egindako deien inguruko txosten bat eskatu du gaur Carmen Lamela epaileak. Guztiei sedizioa leporatzen diete.
Lau ikertuen telefono zenbakiak identifikatzeko eta irailaren 15etik urriaren 2ra arte egindako deien eta mezuen zerrenda eskatu dio Auzitegi Nazionaleko epaileak Guardia Zibilari auto batean.
Norekin hitz egin zuten eta euren artean harremanik izan ote zuten argitu nahi du epaileak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Era berean, elkarrizketa horien iraupena eta ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen beste datu batzuen berri izan nahi du magistratuak.
Guardia Zibilak orain arte ikertutakoaren arabera, Generalitateko Ekonomia Kontseilaritza miatzen ari ziren egunean, irailaren 20an, Jordi Sanchez Kataluniako Asanblada Nazionaleko buruzagiak Traperori deitu zion, guardia zibil batekin harremanetan jartzeko.