Katalunia
Puigdemontek osoko bilkura deituko du 'nola jokatu' erabakitzeko
EITB.EUS | AGENTZIAK
Generalitateko presidentearen hitzetan, "ordezkari ez-legitimotzat jo du bere burua" Espainiako Gobernuak, eta "Kataluniako autonomia Madriletik zuzentzeko direktorioa izendatu nahi dute orain".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak larunbat honetan iragarri duenez, osoko bilkura deitzeko eskatuko dio Kataluniako Parlamentuari, "eztabaidatu eta erabaki dezagun eraso honen aurrean nola jokatu". Gauzak horrela, Kataluniako autogobernuarekin "amaitzeko saiakeraren" inguruan eztabaidatuko dute diputatuek.
"Egin beharrekoa egingo dugu", gaineratu du Puigdemontek Generalitatean irakurritako adierazpen instituzionalean, Espainiako Gobernuak abiatutako 155. artikuluaren aplikazioaren harira.
Puigdemonten iritzian, "ordezkari ez-legitimotzat jo du bere burua" Espainiako Gobernuak, eta "Kataluniako autonomia Madriletik zuzendu ahal izateko direktorio bat izendatu nahi dute" orain.
Puigdemontek salatu duenez, Espainiako Gobernuak "zigor-kode zaharrak eta indarkeria erabiltzen ditu herritarren aurka". "Frankismotik jasandako erasorik larrienaren aurrean, gure instituzioak era baketsuan defendatuko ditugu, betiko moduan", azpimarratu du.
Puigdemontek deitoratu duenez, Espainiako Estatuari zuzendutako elkarrizketa-proposamen guztiek "isiltasuna edo errepresioa izan dute erantzun gisa". "Katalanek hautetsontzietan erabakitakoa Espainiako Gobernuak bulegotan baliogabetu egin du", nabarmendu du presidenteak, "frankismotik izandako erasorik larrienean".
Amaitzeko, Rajoyren Gobernuak "Alderdi Sozialistaren eta Ciudadanosen babesa" jaso duela nabarmendu du.
nabarmendu du.