Kataluniaren independentzia
Generalitatea kargugabetu eta hauteskundeak deitu ditu Rajoyk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Independentzia deklarazioaren harira, Espaniako Gobernuak salbuespeneko lehen neurriak hartu ditu. Hauteskundeak abenduaren 21ean izango dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako Parlamentua desegin du eta hauteskunde autonomikoak deitu ditu abenduaren 21erako.
Gainera, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta haren gobernuko kide guztiak kargugabetzeko agindua eman du.
Puigdemontek kargua utzi beharko du kargugabetzea aldizkari ofizialean argitaratu eta berehala, bestela, kargugabetzea onartzen ez badu eta Generalitatearen Jauregian ixten bada, funtzio usurpatze delitua leporatuko diote, Moncloako iturrietatik jakinarazi dutenez.
Cesar Puig Kataluniako Barne idazkari nagusia eta Pere Soler Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak kargutik kentzeko ere agindu du Rajoyk. Neurri honek, oraingoz behintzat, ez du eraginik Josep Lluis Traperorengan.
Horrez gain, Kataluniako Gobernuak nazioartean ireki zituen enbaxada guztiak ixteko agindua eman du. Generalitatearen webgunearen arabera, ondoko herrialdeetan ditu ordezkaritzak: Alemanian, Frantzian, Suitzan, Erresuma Batuan, Irlanda, Austrian, Italian, Europar Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan.
Rajoyk agerraldia egin du gauean, ezohiko Ministro Kontseiluan, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua baliatuta, Kataluniako independentzia deklarazioaren harira hartu dituzten salbuespeneko neurrien berri emateko.
Rajoyk esan du "premiazkoa" dela Kataluniako herritarrei "ahotsa ematea euren etorkizuna erabaki dezaten".
Aipatu neurriak ezartzea nahitaezkoa izan dela adierazi du, "Kataluniako herritarren izenean inork ez dezan legez kanpoko ezer egin".
"Hautestontziak izango dira, benetakoak, kontrolekin eta bermeekin, herritarren arteko bizikidetza berreskuratzeko oinarriak ezartzeko", erantsi du.
Espainiako Gobernuaren lehentasuna "bizikidetza" berreskuratzea dela esan du eta horretarako hauteskunde "libreak, garbiak eta legalak" lehenbailehen egitea ezinbestekoa dela adierazi du.
CUPek berehala erantzun dio deialdiari. Mireia Boya diputatuak Rajoyk abenduaren 21erako egindako deialdiari jaramonik ez dio egin eta egun horretarako "paella intsumiso masiboa" antolatzea proposatu du.
PSOE eta Ciudadanosen babesa eskertu du
Bestalde, Rajoyk esker ona agertu die Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiari, gaur iragarri dituen neurriak babesteagatik.
UPN, Foro Asturias eta Coalicion Canaria alderdientzat ere esker on hitzak izan ditu, "une zailak" direlako eta Katalunian 155. artikulua ezartzeko Senatuan izan den osoko bilkuran PPrekin batera bozkatzeagatik.