Kataluniaren independentzia
Puigdemontek modu baketsuan eta duintasunez jokatzeko deia egin du
agentziak | erredakzioa
Junqueras ere gizarteari zuzendu zaio "ardura, apaltasuna eta eskuzabaltasuna" eskatzeko. Era berean, "kezkatzeko arrazoiren bat" dutenei "konfiantza" izan behar dutela esan die.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak Kataluniaren independentzia aldarrikatu osteko lehenengo adierazpenetan esan du erakundeek eta herritarrek “herri pultsuari” eutsi behar diotela, baina modu “baketsuan, gizalegez eta duintasunez”.
Puigdemontek subiranotasun prozesuaren zilegitasuna berretsi du, eta azpimarratu, "beti gertatzen den eta gertatuko den moduan", erakundeak eta herritarrak direla "elkarrekin, herria eta gizartea eraikitzen" dituztenak.
"Gure herrialdearen Parlamentuak, parlamentu zilegiak, irailaren 27ko hauteskundeetatik eratorriak, aspalditik espero genuen urratsa egin du, luzaro borrokatua. Zilegitasun osoz aukeratutako ordezkari politikoen gehiengo zabalak hautetsontzietan bideratutako agindua burura eraman du", adierazi du Kataluniako presidenteak.
Puigdemontek esan du hitzaldia "bihotzetik, emozioetatik, arrazoitik eta zilegitasunetik" atera zaiola, unearen "handitasunari" ekarpena egiteko.
"Kataluniako herritarrok: herrialde honen, gure herrialdearen, pultsuari eusteko garaia da orain. Baina bakean, gizalegez eta duintasunez eutsi behar diogu", azpimarratu du.
Oriol Junqueras Generalitatearen presidenteordea ere "errepublikako" herritarrei zuzendu zaie, "arduraz, apaltasunez eta eskuzabaltasunez" joka dezaten, eta "kezkatzeko arrazoiren bat" dutenei "konfiantza" izan behar dutela esan die.
"Sen onaz jokatzen ari gara, errespetuz eta estimuz", adierazi du Junquerasek Parlamentaren sarrerako eskaileretan, ehunka alkate eta presidenta bera ondoan zituela.
Presidenteordeak adierazi du berdintasunaren, askatasunaren eta anaitasunaren "balore unibertsalak" batzen dituela independentistak.
Junqueras "lurralde espainiarretako" herritarrei ere zuzendu zaie, hizkuntza, kultura edo beste "gauza asko partekatzen" dituzten horiei, "askoz etorkizun hobea eraikitzeko" konpromisoa berresteko.