Kataluniaren independentzia
Urkulluk berretsi du elkarrizketan dagoela haustura saihesteko irtenbidea
agentziak | erredakzioa
Bestalde, Arnaldo Otegik esan du agerian geratu dela "XXI. mendeko Europan ere estatuak sor daitezkeela demokratikoki gehiengoak osatuz gero".
Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du "inolako kasutan ere ez" litzatekeela 155. artikulua ezarri behar Katalunian, eta ohartarazi du "gizartearen haustura ekiditea" dela orain garrantzitsuena.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean azaldu duenez, gatazka politikoa da Kataluniakoa, eta "ez da irtenbiderik egongo akordioa helburu elkarrizketarik eta negoziaziorik ez badago".
Lehendakariaren arabera, "elkarrizketak eta negoziazioa beharrezkoak izaten jarraitzen dute orain, atzo baino are eta beharrezkoago".
Urkulluk berretsi duenez, "eremu politikoan irtenbidea da elkarrizketa errealismoz egitea, aldez aurreko baldintzarik gabe eta umiliaziorik gabe, elkarrizketa akordiorako borondatearekin eta hartzen diren erabakien ondorioez erabat jabetuta".
EAJk 155. artikulua ezartzearen errefusa berretsi du, Madrilek "akatsean sakontzen" duela iritzita, eta Kataluniako eta Euskal Herriko errealitate nazionala eta bien erabakitzeko eskubidea aitortzea eskatu du etorkizunerako "oinarri" gisa.
Andoni Ortuzar jeltzaleen buruak azaldu duenez, "herritarrek modu askean aukeratutako erakundeak kargugabetzea irtenbidetik oso urrun dago, Estatuko botereek 2005etik Kataluniako gaian izan duten akatsean sakontzen du".
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaileak esan du Kataluniak agerian utzi duela "XXI. mendeko Europan ere estatuak sor daitezkeela demokratikoki gehiengoak osatuz gero". Haren esanetan, prozesua "atzeraezina" da, "jendea protagonista" delako, eta euskal errepublika ere posible dela azpimarratu du.
Koalizio abertzaleak ez legezko proposamena sartu du Eusko Legebiltzarra izan dadin "Kataluniako Errepublika Estatu independente eta burujabe" gisa ofizialki aitortuko duen lehen erakundea.
Geroa Bai koalizioak independentzia adierazpena "errespetatzen" du, "aste hauetan guztietan izan den negoziazio eta elkarrizketa falta" gaitzestearekin batera.
Ohar batean salatu duenez, 155. artikuluak "demokrazian egonkortuta zeudela uste genuen eskubideak urratzen ditu, eta ez du Kataluniako gatazka politikoa konpontzen, kontrakoa baizik, areagotu egiten du eta herritarrak eta erakundeak zigortzen ditu".
Podemos Euskadik uste du independentzia aldarrikapenak ez duela "nahikoa oinarri sozialik eta zilegitasunik".
Era berean, kezkatuta agertu da "Kataluniaren eta Espainiaren erakundeen irudiagatik, mundu guztiaren aurrean porrot" egin dutela eta hurrengo belaunaldientzat irudi txarra ematen ari direla iritzita.
LAB sindikatuak uste du aldarrikapena "aukera historikoa" dela langileen aldeko eredu soziala eta ekonomikoa sortzeko.
Euskal Herrian prozesu independentista martxan jartzea eskatu du sindikatuak, "errepublika independente eta soziala" lortze aldera.
Udalbiltzak "Kataluniako errepublikari aitortza" egin dio, eta Kataluniako "herriaren borondatea onartzeko" eskaera egin du.
Gainera, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere Kataluniako Errepublikaren aitortza defendatu du. "Errespetua, adiskidetasuna eta errekonozimendua Kataluniako Errepublikari", adierazi du.
Respeto, afecto y reconocimiento para la República Catalana
— Juan Jose Ibarretxe (@LHKibarretxe) 27 de octubre de 2017
>