Itxi

Katalunia

Artur Mas: 'Auzitegiak eta indarkeria erabiliz ez da gatazka konponduko'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Euren defentsa legitimoaren estrategiaren barruan" kokatu du Puigdemonten eta kargugabetutako bost kontseilariren erabakia, alegia, Auzitegi Nazionalera deklaratzera ez joatea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Artur Masek, 2016ko urtarrilera arte Kataluniako Generalitatearen presidente izan zenak, "euren defentsa legitimoaren estrategiaren barruan" kokatu du ostegun honetan Puigdemonten eta kargugabetutako bost kontseilariren erabakia, alegia, Auzitegi Nazionalera deklaratzera ez joatea. "Auzitegiak eta indarkeria erabiliz ez da Katalunia eta Espainiaren arteko gatazka konponduko", ohartarazi du.

Auzitegi Nazionalaren aurrean egin ditu adierazpen horiek Artur Masek; hainbat agintari independentistarekin eta Unidos Podemoseko zenbait kiderekin joan da bertara, independentzia aldarrikatu ostean matxinada, sedizioa eta dirua bidegabe erabili izana egotzita inputatu dituzten politikari katalanak babestera.

Masek nabarmendu duenez, Puigdemonten aurkako akusazioak ez dira bidezkoak. Horren iritziz, epai-zitaziora ez joatea Puigdemonten estrategia legitimoaren barruan dago; berari eta kargugabetutako kontseilariei "matxinada eta sedizioa" egozten dizkiete, baina akusazio horiek bidegabeak dira. Masen ustez, "zuzenbidearen abusua" gertatzen ari da.

"Ez du herrialde bat alde batera utzi; aurre egiteko prest dago"

Artur Masek onartu du ez duela Puigdemontekin hitz egin ostiral arratsaldetik, baina, horren esanetan, "ez du herrialde bat alde batera utzi".

Masen arabera, "goi-politikak bakarrik" emango dio irtenbidea gatazkari; izan ere, "zenbat eta gasolina eta egur gehiago erabili, orduan eta okerragoa izaten da sua". Inkestek argi erakusten dute sentimendu independentistak gora egin duela, Masen iritzian.

Testuinguru horretan, abenduaren 21eko hauteskundeetan ("inork ezin du ukatu legezko inguruan deitu dituztela", esan du) aukera ona dago "autoritarismo hori garaitzeko", gaineratu du.

Albisteak (7)

Bideoak (1)